"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sekretu eta ezkutuko errealitate ugari azaleratzen ari dira aurten Zinemiran. Urtetan kontatu ez diren istorioak, isildutakoak izan direnak... Pelikula honen protagonistak ez zuen arazorik ikusgarritasuna lortzeko: munduko aktorerik ezagunenetakoa zen, izarra, ikonoa. Baina sekretu bat gordetzen zuen, inoiz aipatu zuena, baina gehiegi nabarmendu gabe. Charles Chaplin mitikoaz ari gara, eta bere jatorri erromania aztertu du haren biloba Carmen Chaplinek Chaplin | espíritu gitano / Chaplin | Spirit of the tramp dokumentalean.
Londonen jaiotako zinegileak bere lehenengo filma aurkeztuko du zuzendari moduan. Istorio pertsonala aukeratu du, aitonarena. Eta ez edozein istorio; bere familian lotsa sortu duen gaia da, ezkutatu beharreko zerbait. Charles Chaplinek 36 urterekin jakin zuen jatorri erromania zuela, eta karabana batean jaio zela Birminghametik gertu zegoen akanpaleku batean. Ama hilzorian zegoenean kontatu zion, eta gero eskutitz bat jaso zuen jatorri hau baieztatuz. Aktoreak inoiz aipatu zuen, baina “aho-txikiarekin”, garai horretan erromani edota ijito izateak estigma handia zekarrelako. Agian gauzak ez dira horrenbeste aldatu.
Lotsa eta harrotasuna, biak sentitzen zituen Charles Chaplinek, modu batean edo bestean. Haren bilobak argi du: “Bere amaren sekretua zen, ez berea. Horregatik ez zuen gehiagotan esaten, ama asko maite zuelako eta babestu nahi zuelako, berari lotsa ematen ziolako. Baina Charles harro zegoen bere jatorriaz, pairatu zuen txirotasunari nolabaiteko erromantizismoa ematen ziolako”.
Charles Chaplinek familia zabala izan zuen, zortzi seme-alaba, lau emazte… Dokumentalean ere bere alde familiarra agertzen da, lehen aldiz plazaratu diren irudi askorekin. “Beti gustatu zait txikitako filmak ikustea, aitonaren etxean ikusten genituen… Niretzat oso pertsonala da, baina baita zinematografikoa ere. Oona amonak grabatzen zituen beti, eta, beraz, amona film honetako kamera ere bada, modu batean”. Filmean Michael Chaplin ere agertzen da, Carmenen aita eta Charlesen semea. Bertan ikusten da abizen hori izateak sor ditzakeen arazoak: “Jatorriak denoi eragiten digu. Baina horren ezaguna den arbasoa duzunean, argi asko kentzen dizute, eta nolabait zuk itzalean amaitzen duzu. Baina beste modu batean ere, argia ematen dizute. Gauza biak gertatzen dira, baina nik alde positiboa ikusten diot batez ere”.
Dokumentalean, familiako kideak agertzeaz gain, hainbat erreferente ezagunek parte hartzen dute. Zinemaldira etorri den Johnny Depp aktorea –Modi, three days on the wing of madness filma sail ofizialean aurkeztera–, edota Emir Kusturica zuzendaria, besteak beste. Harek dokumentalean esaten duen bezala, Chaplinen filmetan nabari zen bere jatorri erromania: mugimenduetan, grabitatean…
Pelikula Zinemirako itxiera filma izango da, baina azken zalantza da… Charles Chaplin harro egongo litzateke bere jatorria dokumental batean agertuko balitz? Carmenek ez du zalantzarik: “Bai, noski”, filma maitatuko luke. Edo, erromintxelaz esanda, kamatuko luke.
Julen Nafarrate Aurrekoetxea