"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sekretu bat egon dadin, lau baldintza bete ohi dira: informazio bat egotea, pertsona gehienek ez ezagutzea, pertsona gutxi batzuek jakitea eta informazio hori gordeta egotea, ez zabaltzea. Lau baldintza horiek betetzen dira Zikuñagako Amaren desagerpenaren kasuan, eta horren inguruko dokumentala aurkeztu du Pello Gutiérrez Peñalbak Zinemiran. Erreplika atzo aurkeztu zen Principe aretoetan, eta gaur eta bihar ere proiekzioak izango ditu bertan. Bere aita Juanmi Gutiérrezen film zahar bat arakatzen ari zela konturatu zen hutsune bat bazegoela, Zikuñagako Amarena hain zuzen ere. 1979. urtean irudi erlijoso hura desagertu egin zen, eta hernaniarrak euren irudi ikonikorik gabe geratu ziren. Hutsune bat geratu zen baselizako horma-hobian, eta hutsune kolektibo bat herrian. Hutsuneei buruzko dokumentala egin du Gutiérrezek, beraz, egoera pertsonal batetik abiatuta: “Anekdota bat izan zitekeen, nik ere ez nuen istorioa ezagutzen. Baina konturatu nintzen hor bazegoela beste hutsune bat. Pelikula bera ere nik uste horretarako sortu dudala; aitaren hutsune hori betetzeko modu bat da, nahiz eta hasieran horretaz ez jabetu”.
Dokumentalak thriller kutsua hartzen du orduan, bertan agertzen den bezala, desagerpen horrek oraindik argitu barik jarraitzen baitu. Lau hamarkada igaro dira, eta inork ez daki nork eta zergatik eraman zuen Ama. Tira, baten batek jakingo du, eraman zuenak, noski. Eta auzokideek ere, euren susmoak dituzte… Agian auzokideek badakite, eta denon ahotan dagoen sekretua da. “Nik uste denak susmoak direla. Ikertzen hasi ginenean askok esaten ziguten ‘nik badakit non dagoen, nork daukan’, baina gero leku horietara joan garenean, bertan ez dago. Urtetan elikatu diren susmoak dira”. Hernanin bertan ere ahaztutako istorioa izan da hamarkadetan, gutxi batzuek gogoratzen zutena. Baina dokumentalarekin gerta liteke kasua berriro ere irekitzea. Eta, batek daki, agian kasua argitzea: “Gustatuko litzaidake! Hala ere, agertzen bada, nik uste kasualitate hutsa izango dela, norbaitek etxeko ganbaran edota aitonaren baserrian zuelako. Edo lapurren bat harrapatu dutelako, horrelakoak ere gertatzen dira…”.
Misterioak argitu barik jarraitzen duen bitartean, Ama Birjiñaren erreplika bat egin zuten Zikuñagan. Baseliza ere berreraiki zuten, aurrekoa bota zutelako. Biak aurrekoaren kopiak; balio gutxiagokoak, batzuentzat. Objektuei ematen diegun garrantziaz ere hausnartu du zuzendari donostiarrak. Eta, kasu honetan, objektu baten faltak izan dezakeen garrantziaz, objektua bera baino garrantzitsuagoa bihurtzeraino: “Ni ziur nago Zikuñagako Ama desagertu ez balitz gaur egun inor ez zela gogoratuko berataz. Baina lapurretak berak sortu du nolabaiteko mitifikazio bat irudiari buruz, eta horrek berak eman dio garrantzia. Baina hori gertatzen da gure bizitzako aspektu guztietan: familiako norbait falta zaizunean, hor sentitzen duzu bere falta. Ondoan zenuenean, batzuetan ez daukazu sentsazio hori”.
Filmaren zuzendaria Gutiérrez izan da, “oso proiektu pertsonal eta intimoa” delako, baina donostiarrak Zazpi T´erdi kolektiboaren parte da, Iñaki Sagastume eta David Aguilarrekin batera. “Gure lan egiteko modua kolektiboa da, erabaki bakoitza denon artean hartzen dugu. Horrek prozesua asko luzatzen du, baina iruditzen zait oso aberasgarria dela pelikularentzat”.
Julen Nafarrate Aurrekoetxea