"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Yongkang Tang (Shandon, Txina. 1983) zuzendaria poz pozik jarri zen bere filma Stars and the Moon New Directors sailean egokitu zutenean. Batetik, Zinemaldian bere lehenengo aldia delako, eta bestetik, Donostiako sukaldaritza probatzeko irrikitan zegoelako. Eta atzo, filma estreinatu aurretik itsaskiak eta frijituak jatera joan zen.
Tang, Argazkilaritza eta Komunikazioa ikasi eta Zinema-masterra egin zuen Txinako Unibertsitatean. Bere ikasketak amaitu orduko, bere lehen film luzean lan egiten hasi zen, Walking in Darkness (2019). “Nire lehen lanean gai filosofiko bat jorratu nahi izan nuen eta gauza bitxi bat gertatu zen: Txinan ez dute gogoko gai filosofikoak eta ez zuen kritika onik jaso. ‘Kaka’ bat zela ere esan zuten”, txantxetan ari da zuzendaria. “Baina gero Rotterdamgo zinemaldi-jaialdian estreinatu nuen eta Rotterdamen, berriz, izugarri gustatu zitzaien. Izugarri!”.
Bere bigarren film luzerako, beraz, gai filosofikoa kentzea erabaki zuen eta istorio samur bat aurkezten digu galdera hau erantzuteko: Nondik gatoz? Stars and the Moon filmean, Xingxing deitutako mutila ezagutzen dugu (datua: Xingxing izarra esan nahi du). Xingxing mendi-herri urrun bateko ikaslea da; mutikoak zeruan estralurtarrak daudela imajinatzen du eta ahal duen modu guztietan ikusten saiatzen da, bizilagunen eszeptizismoa gorabehera. Bere anaia obsesibo Yueliangek baino ez dio laguntzen haurrak nahi duena egia bihur dadin. Bilaketa horretan, Xingxing denetarik sufritzen du: bullying, aitaren haserrea, lagunen irribarreak… Baina Xingxingek itxaropena ez du inoiz galtzen, eta bere jarraikitasuna ikusleengana iritsiko da istorio samur batean.
Zineman ikusiko dugun filma ez dator bat zuzendariaren jatorrizko gidoiarekin. “Ez nuen espero pelikula hau horrela ateratzea. Nik oso gidoi luzea eta zehatza idatzi nuen, baina filmatzen hasi nintzenean konturatu nintzen ezingo nuela jarraitu”, gogoratzen du Tang. “Aktore profesionalak ez diren haurrekin filmatu genuen. Kasting handi bat egin nuen, hiriko bizimodua gutxien ezagutzen zuten haurrak aurkitzeko. Eta, noski, filmatzen hasi genuenean, haur horiek ez zuten nik eskatzen nien ezer egiten”. Barne-krisi baten ondoren, jarduteko askatasuna ematea erabaki zuen zuzendariak, eta orduan hasi ziren gauzak ateratzen. “Konturatu nintzen haurrek errealitatea balitz bezala ari zirela. Nik ahalik eta gehien ezkutatzen nuen kamera ez oztopatzeko, eta haiek hainbeste sartzen ziren paperean, non, adibidez, borroka bateko eszena bat bazegoen, benetan borrokatzen zuten”.
goen, benetan borrokatzen zuten”. Haur horiek aurkitzea ez zen erraza izan: Tangek mila ume elkarrizketatu zituen hogei egunetan. Eta lan-metodo zehatz hori arlo guztietara eramaten du. Kokapenak aurkitzeko, zehazki filmean agertzen den mendi txinatar herrixkan, hamar mila kilometro baino gehiago egin zituen.
Lan honen emaitza ikusiko dute Zinemaldiaren ikusleek. Stars and the Moon, berotasunez, itxaropenez eta argiz betetako filma da, eta seguru bere protagonista, Xingxing, ikusleen bihotzetan geratuko da betirako.
I.M.