"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aktore ospetxu batek noizbait esan zuen: “Barre egin gabeko egunak, egun galduak dira”. Aktore hori Charles Chaplin zen, eta seguru oso pozik egongo litzateke gaurko galako aurkezleak Berto Romero eta Andreu Buenafuente umoristak direla jakitean.
Zinemaldiaren 72. edizioari hasiera ofiziala emango dio gaur gaueko inaugurazio-galak, barre egiteko gogoz. Hori da zeremonia-maisuek duten gogoa: barre egiteko eta barre eragiteko gogoa dute. Entsegu orokorraren aurreko saioan, nabari da dena prest zeukatela gaur arratsaldean egingo den Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren inaugurazio-galarako.
Zinemaldiak joera du inagurazio galetan umorea lantzeko eta irribarreak marrazteko. Iaz, Eva Hache eta Gorka Otxoa aurkezleak izan ziren, eta umore onez ekin zioten lanari, Bob Popen gidoia defendatzeko gogotsu, biak ala biak.
Aurten, Bi komiko katalanek Bárbara Goenagarekin batera aurkeztuko dute zeremonia. Inaugurazio-galan, baita ere, Audrey Diwanen Emmanuelle filmaren mundu-estreinaldiaren aurretik, interpreteen grebaren ondorioz Javier Bardemek iaz jaso ezin izan zuen Donostia Saria jasoko du; halaber, Yorgos Lanthimosen Poor things filmari FIPRESCI Sari Nagusia entregatuko zaio, eta Epaimahai Ofiziala aurkeztuko dute.
Spoilerik egin gabe, kontatu dute gaurko galan ez direla faltako sorpresak, musika emanaldiak eta omenaldia. Eta umoreari buruz galdetzean, Romerok dio: “Geure buruaz barre egingo dugu, eta oinarri horretatik abiatuta, jendearekin barre egingo dugu”. Bi zeremonia-maisuek luzaroan lan egin dute gaurko gala perfektua izan dadin. “Egia esan, gurekin dena gaizki atera daiteke”, txantxetan dio Bertok. Baina Buenafuentek ez du berdina pensatzen: “Zinemaldiak ibilbide luzea du eta hementxe lanean daudenak profesionalak dira. Dena primeran aterako da”. Andreu Buenafuentek Zinemaldiari adierazi zionez, “Donostiako nire oroitzapenak onak baino ez dira. Eta hori asko da. Horregatik, inaugurazio-galan parte hartzeko eskatu zidatenean, pentsatu nuen eskerrak emateko hainbeste arrazoi nituela, ezen hobe nuela pertsonalki joan eta eskerrok adieraztea. Eta, gainera, nire adiskide Bertorekin izango naiz. Zer atera liteke gaizki? Ezer ez”.
Galdera da: Ausartuko al dira euskaraz hitz egiten? Ezin dugu aurreratu, erantzuna gaurko galan ikusiko dugu. Hilabete askoan lan egin da gaur zinemazaleenak harritu eta entretenitzea espero duen gala bat sortzeko, eta zuzenean jarraitu ahal izango da Espainiako Telebistaren La 2 katean, ETB1en, eitb.eus-en, Zinemaldiaren webgunean eta iaz bezala, TikTok Zinemaldiaren kontuaren bidez.
Iratxe Martínez