"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Emilie Bujès (Frantzia) Nyongo (Suitza) Visions du Réel nazioarteko zinema-jaialdiko zuzendari artistikoa da. Azken urteotan, Lucrecia Martel, Claire Denis, Werner Herzog, Jia Zhang-ke, Marco Bellocchio, Petra Costa, Tatiana Huezo, Alice Rohrwacher eta beste hainbat zuzendari hartu ditu jaialdi horrek, baita Jean-Luc Godarden Le livre d'image erakusketa komisariatu berria ere; laburbilduz, euren filmak hautaketa ofizialaren parte gisa aurkezten dituzten zinemagile hasiberriez gain, ospe handiko errealizadoreak ere igaro dira Suitzako jaialditik.
Besteak beste, Cannesko Quinzaine des Cinéastes ataleko programazio-aholkularia, La Roche-sur-Yongo nazioarteko zinema-jaialdiko zuzendari artistiko laguntzailea eta CNAP Parisko Arte Plastikoen Zentro Nazionaleko batzordeko kidea izan da. Aurretik, komisarioa izan zen Genevako Arte Garaikideko Zentroan, irakaslea Genevako HEAD eta Bernako HKB unibertsitateetan, eta arte-jaialdi eta -galerietan ere parte hartu izan du, hala nola Vilniuseko Arte Garaikideko Zentroan, Lausanako Underground zinema- eta musika-jaialdian, Berlingo Transmedialen eta Forde artegunean (Geneva).
2014an, komisarioentzako Suitzako Arte Saria jaso eta Encircling the Image of Trauma izeneko liburua argitaratu zuen (2020, Archive Books, Berlin).