"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Santiago Lozak (Córdoba, Argentina) film onenaren Tiger Saria lortu zuen 2003ko Rotterdamgo zinema-jaialdian Extraño (Selección Horizontes) bere lehen film luzearekin. Film horren proiektuak Donostiako Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen 2002an. Horren ondoren zuzendu zituen, besteak beste, hauek: Ártico (Zinema Eraikitzen, 2008); La invención de la carne (Horizontes Latinos, 2009), Locarnoko zinema-jaialdian lehiatu zena; Los labios (Iván Fundekin batera zuzendua, 2010), zeinaren protagonistek emakumezko aktore onenaren saria jaso baitzuten Cannesko Un Certain Regard atalean; La paz (2013), Berlingo zinema-jaialdiko Forum sailean aurkeztua; Malambo, el hombre bueno (2018), Berlinaleko Panorama sailean parte hartu zuena; eta Breve historia del planeta verde (Koprodukzio Foroa, 2019) film onenaren Teddy Sariaren irabazlea Berlinen.
2020an, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean Edición ilimitada aurkeztu zuen, Virginia Cosin, Edgardo Cozarinsky eta Romina Paularekin batera zuzendua, eta 2022an Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu zuen Amigas en un camino de campo lanarekin. 2020an Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen Nosotros nunca moriremos (Eduardo Crespo) filmaren ekoizlea ere izan zen.
2019an Iowako Unibertsitateko International Writing Program delakoan parte hartu zuen eta 2023an, berriz, Shanghai Writing Program izenekoan.