"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Izibene Oñederra (Azkoitia) animazio zinemagilea UPV-EHUn doktorea eta irakasle agregatua da Arte Ederretako fakultateko pintura departamentuan. Donostiako Arteleku arte zentroan Zine Mapa ikus-entzunezko taldearen sortzaileetako bat ere bada. Berak zuzendutakoa da Hezurbeltzak, una fosa común (2007), nazioarteko zinema-jaialdi garrantzitsuetan erakutsi zena, besteak beste, Clermont-Ferrand Film Laburren Nazioarteko zinema-jaialdian eta hainbat sari eta aipamen jaso zituena. Hotzanak, For Your Own Safety (2013) eta Lursaguak (2019) filma laburrek Annecyn lehiatu ziren. Arte Ederren fakultatetik sortutako taldean egindako filmetan ere hartu du parte. Isabel Herguera animazio zuzendariarekin kolaborazioan sortu zuen Kutxa Beltza (2016), Kalebegiak (Belodomoa, 2016) film luzearen baitako pieza, eta Sultana´s dream / Sultanaren ametsa (Sail Ofiziala, 2023) Hergueraren film luzean kolaboratu zuen. Isabel Hergueraren Sultana Films etxearekin elkarlanean ekoiztu du bere azken animazio laburra Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) / When It Comes (It Will Have Your Eyes), Annecy zinema-jaialdian estreinatu dena eta aurtengo Donostia Zinemaldian Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsiko dena.