"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Fran Kranz (Los Angeles, AEB) Mass (2021) film luzearekin aritu zen lehen aldiz gidoilari eta zuzendari. Sundance zinema-jaialdian estreinatu zen filma, eta Donostia Zinemaldiaren New Directors sailean parte hartu zuen. Film hori Robert Altman sariaren irabazlea izan zen Independent Spirit Awards sarietan, 2022an, eta gidoi onenaren sarirako hautagai izendatu zuten.
Hogei urtez baino gehiagoz aritu da aktore-lanetan, eta Training Day (Antoine Fuqua, 2001), Matchstick Men (Ridley Scott, 2003) eta The Village (M. Night Shyamalan, 2004) filmetan hasi zen, besteak beste. Film hauek nabarmentzen dira: The Cabin in the Woods (Drew Goddard, 2011), Much Ado about Nothing (Joss Whedon, 2012), The Dark Tower (Nikolaj Arcel, 2017), The Truth About Lies (Phil Allocco, 2018) eta A Midsummer Night’s Dream (Casey Wilder Mott, 2017). Azken hori ekoitzi ere egin zuen eta Los Angeleseko zinema-jaialdian estreinatu zen.
Telebistan, telesail hauetan aritu da, besteak beste: Julia, The Loudest Voice, Homecoming, Dollhouse, Welcome to The Captain, Party Down, It's Always Sunny in Philadelphia eta Frasier. Laster, Invasion telesailaren hirugarren denboraldia ikusi ahalko da.
Antzerkian, 2012an egin zuen debuta Broadwayn Mike Nicholsek zuzendutako Death of a Salesman antzezlanean, Phillip Seymour Hoffmanekin eta Andrew Garfieldekin batera. Gainera, antzezlan hauetan ere aritu da: You Can’t Take It with You, Rose Byrnerekin eta James Earl Jonesekin; Illyria, Richard Nelsonek idatzi eta zuzendua; eta Bachelorette, Leslye Headlandek idatzia eta Trip Cullmanek zuzendua.