"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Migratzaile asko euren burua ezagutzeko ispilu baten bila bizi dira; ez dira hemengoak, baina hangoak ere ez dira. Los Williams / Williamstarrak film luze dokumental eta familiarra da, kirolari buruzkoa, Iñaki eta Nico Williamsek lehen pertsonan kontatua. Bi anai futbolari, euskaldun eta beltzek (ghanatarren ondorengoak) euren historia harrigarria erakusten digute euren bizitzako bi urte erabakigarrienen bidez. Qatarreko Munduko Txapelketan bi selekzio ezberdinekin parte hartu zutenekoa, 40 urteren ostean Athletic Clubek Errege Kopa irabazi zuenekoa, Nicok Eurokopan irabazi zuenekoa, etab. Nazioarteko bi izar, euren iraganarekin eta etorkizunarekin aurrez aurre, bizitza markatu dien gatazketan zehar: arrazakeria, nortasuna, frustrazioa, anbizioa, eta arrakasta.