"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
John Crowleyk Intermission bere lehen film luzea aurkeztu zuen 2003an New Directors sailean, eta Andrew Garfield zuzendu zuen haren lehen filma, Boy A, 2007an. 20 urte geroago, elkarrizketa honek bi karrerek urteetan zehar izan duten garapenean sakondu nahi du, baita Donostian aurkeztuko duten We Live in Time filma egitean zuzendaritzatik eta interpretaziotik izandako berrelkartzea eta lan-prozesua nolakoa izan den ere. Nick Paynek, filmaren gidoilariak, ere parte hartuko du hizketaldi honetan, gidoiaren idazketatik bere ikuspegia emanez.
John Crowleyk (Cork, Irlanda. 1969) 2003an zuzendu zuen bere lehen film luzea, Intermission. Hauek dira bere hurrengo lanak: Boy A (2007), Berlinaleko Panorama sailean hautatua, non Epaimahai Ekumenikoaren saria beretu zuen; Is Anybody There? (2008); eta Closed Circuit (2013). Bere hurrengo lana Brooklyn (2015) izan zen eta film onenaren, gidoi egokitu onenaren eta emakumezko aktore protagonista onenaren Oscar sarietarako izendatu zuten, BAFTA sarietan film britainiar onenaren Alexander Korda saria irabazteaz gain. 2019an The Goldfinch estreinatu zuen. Telebistarako, True Detective telesailaren bigarren denboraldiko bi atal eta Black Mirror telesailaren seigarren denboraldiko Beyond the Sea atala zuzendu ditu, besteak beste.