"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Hauek dira nire printzipioak, baina ez bazaizkizu gustatzen, beste batzuk dauzkat", esan ohi zuen zorrotz Groucho Marxek. Ironia askorentzat, errealitate beste batzuentzat; badira euren printzipio eta ideiak beste ezer baino lehenesten dituztenak, nahiz eta horrek ibilbide profesionalerako kaltegarria izan. Horren adibide zen Lolo Rico telebista zuzendari eta kazetaria, La bola de cristal programa ezagunaren zuzendaria. Haren inguruko Los poderes de Lolo dokumentala estreinatu du haren seme Miguel Alba Ricok, Itziar Bernaola Serrano eta Nino Fontán Allenekin batera.
Miguel Alba Rico ez dago ohituta hedabideetan agertzera, “lotsa handia” ematen diola aitortzen du: “Ni muntatzailea naiz, eta normalean jendeari azaldu behar diot zein den nire lana. Loloren semea ote naizen galdetzen didatenean, inoiz ez dakit zer esan, isilik geratzen naiz. Niretzat hau guztia esfortzu bat da, ia-ia psikologoarenera joatea bezala”.
La bola de cristal 1984tik 1988ra egon zen martxan espainiar telebistan, eta belaunaldi oso baten erreferente bihurtu zen. Apurtzailea izan zen, garratza, subertsiboa. Adjektiboak soberan ditu: orijinala, dibertigarria, kritikoa... Inork egiten ez zituen gauzak egin zituzten, Lolo Rico zuzendari zutela, askatasun oasi bat aprobetxatuta. Errepikaezina izan zen? “Ez dago errepikatzerik. Programak osagai ugari zituen: zoramena, iritzia… Baina gaur egun jendeak ez du iritzirik nahi”. Umorea eta iritzia nahasten zituen, eta hori ez zen horren erraza: “Umorearen bidez dena kritikatzen zuten: programa bera, telebista… Umorea ezinbestekoa da bizitzan. Nik uste beharrezkoa dela barre egitea eta pentsatzea”.
Eta, noski, zentsura ere pairatu zuen, bere senak agintzen ziona jarraitze hutsagatik. Printzipioak aukeratu zituelako, beste ezer baino lehen: “Bera zentsuratzen zuten errebeldea zelako, besterik ez. Lolok nahi zuen gizarte libre bat, baina garai horretan horrek ez zuen batere interesatzen”.
Lolo Ricoren ibilbide profesionala ezagunagoa da; ez horrenbeste bere alde pertsonala. Eta hori ere kontatzen du dokumentalak, izenburuak dioen bezala, Lolok botere ugari zituelako. Telebistan apurtzailea izan bazen, etxean ere bai. “Bere ingurua oso kontserbadorea zen, eta hortik irtetea erabaki zuen, aurreko guztiarekin apurtuz”. Hasiera batean haur literaturarekin hasi bazen ere, laster utzi zituen iratxoak eta ipuinak, eta modu basatian bestelako arlotan mugitzen hasi zen: “Alderdi komunistan afiliatu zen, frankismoaren aurka borrokatzen…”. Eta hori guztia emakumea izanda, horrek zekarren guztiarekin: “Emakume izateak garai horretan esan nahi zuen ez zenuela eskubiderik, dirurik… Bere senarrak alde egin zuen eta ez zuen beharrik dirua pasatzeko. Zazpi seme-alabarekin utzi zituen, sosik gabe”. Dokumentalean agertzen den bezala, “nekatu zen bere senarrak esplotatzeaz, eta erabaki zuen lan bat bilatzea, enpresari batek esplota zezan”.
Zinemaldian filma aurkezteaz oso pozik agertu da Rico Alba, gainera, haren amak lotura estua zuelako Donostiarekin. Bertako bizilaguna izan zen hainbat urtez. “Nino, Itziar eta hirurok proiektu honekin hasi ginenean gure helburua zen Zinemaldian estreinatzea. Amets utopikoa zen gure lana hautatzea, eta begira”. Lolo ere pozarren egongo litzateke, bere semearen arabera: “Alfonbra gorritik pasatzen garenean, seguru nago nirekin egongo dela modu batean edo bestean. Gainera, eramango ez banu, seguru haserretuko litzakeela, eta okerragoa zen Lolo haserre zegoenean!”.
Julen Nafarrate Aurrekoetxea