"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Duela hogeita hamaika urte Canneseko zinema jaialdian estreinatu zenean, desio hitzaren bidez definitu zuten askok Jane Campionen The Piano filma, emakume bakarti baten baitan piztutako desioaren istorio gisa definitu ere. Baina harreman hitzak adierazten du, benetan, Zeelanda Berriko zinema zuzendariak maisulan honetan kontatu nahi izan zuen poetikaren muina: protagonistak bere alabarekin, bere senarrarekin, bere maitalearekin eta, batez ere, bere pianoarekin duen harremana. Harreman ezberdinak eta osagarriak baitira denak.
Eduki zuen arrakasta dela eta, ahalegin antzua irudituko zaio norbaiti, akaso, filmaren hari nagusia deskribatzea, baina goazen: Ada, hogeita hamar urteko emakume eskoziarra, Zeelanda Berrira kondenatu dute ezagutzen ez duen lurjabe baten emazte. Lurraren beste muturreko hondartza gris eta haizetsuan lehorreratu da alabarekin eta pianoarekin, marinel zatarrek han abandonatu baitituzte hirurak, olatuen menpe geratu diren gainerako fardelak bezala. Pianoak hartu du, berehala, filmaren zentraltasuna, eta senar ezezaguna haren bila biharamunean iritsi eta pianoa han utzi behar duela erabakitzen duenean, Adaren begirada zorrotzean islatzen den amorru eta erabakimenak garbi iragartzen du ez duela sekula pianoa bakarrik hondatzen utziko. Hori izango du hortik aurrerako afana. Horixe izango da bere bizitzari zentzua emango diona.
Alabarekin duen harremana da filmak harilkatzen duen lehena: Ada mutua da, eta txikiaren bidez komunikatzen da munduarekin. Filmaren hasieran eta amaieran protagonistak off-ean adierazten dituen gogoetak ere (“entzuten duzun ahotsa ez da nire ahotsa, nire pentsamenduaren ahotsa baizik”), ume baten doinu eta tinbrearekin adierazten ditu; protagonistaren haragiztatzea irudi luke alabak berak, baina atzerantz, haurtzarorantz.
Senarrarekin duen harremana pianoaren bidez azaltzen da: hasierako hondartza bakartian bertan hark jartzen dion debekuak (pianorik ez!) markatuko du bien arteko lotura. Stewartek berehala ulertu du emaztea eta musika tresna banaezinak direla, baina ez da iritsiko antzematera emakumea barruan duen grinaren nondik norakoak.
Maitalearekin duen harremana desioak gidatzen du: pianoa Stewarti erostea erabaki eta emakumeari klaseak emateko eskatu dionean, elkarrengana iristeko bide bat eskaintzen ari zaio gizona Adari, oraindik jakin gabe. Eta adierazgarria da elkarren artean pizten doan pasioak musikan duen eragina: “zuk pianoa ukitzen duzun bezala ukituko dizut nik gorputza”. Hori da tratua, hori izango da ikasgaia: gorputza deskubritzea. Eta emakumearen eskuak, lepoa, sorbaldak esploratzen dituenean, pianoaren musika leuna da, lotua, jarraia; baina musua eman nahi dionean, kitto! diotso emakumeak musika azkartuz eta gogortuz, orkestra zuzendari bat balitz bezala.
Adak pianoarekin duen harremanak, berriz, pelikulan esan nahi den guztia laburbiltzen du: munduarekin eta gainerako bizidunekin bat egiteko edo bat ez egiteko bitartekari ezinbestekoa zaio musika tresna. Baina desioa handiegia bilakatu da oihanean, eta pianoaren edo maitalearen artean erabaki behar duenean, alegia heriotzaren eta bizitzaren artean, bigarrena aukeratu du emakumeak.
Zaharberritutako bertsio honekin, Zinemaldiak omenaldia egiten dio emakumearen erabakitze gaitasuna sotiltasun eta sentiberatasun handiz goratu zuen artelanari.
Alberto Barandiaran