"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Egunero irribarretsu “egun on” esaten digun autobus-gidaria, etxe atarian kaskoak jarrita gurutzatzen dugun gaztea, goizean goiz egunkaria eskuan paseoan irteten den agurea… Denak ezezagunak, denak anonimoak, baina aldi berean, denak arazo, kezka eta ilusio antzekoekin. Hirietako bizilagunei omenaldi txikia egin nahi izan die Ernesto del Río zuzendariak Ese mundo que no te da nada filmarekin. Zinemiran izango du gaur mundu mailako estreinaldia.
Lehenengo begiradan pelikulak dokumentala itxura badu ere, berehala off ahots batek doinu narratiboa gehituko dio filmari. Hori da lan honen berezitasun nagusietako bat: dokumental eta fikzioaren arteko joan-etorria egiten du etengabe. “Egia esan, bisualki dokumental bat den arren, narrazioari dagokionez, fikzioa da. Imajinatu eleberri bat irakurtzen ari zarela, baina zuzenean irakurri beharrean, hirugarren batek kontatzen dizula. Horrelako zerbait da. Irudiak nahasten ditugu, denbora-tarteak, pertsonaiak…”.
Bilbok eta La Habanak berez ez dute lotura berezirik, baina filmean bi hirien arteko zubia sortzen da, artxiboko irudien bidez. Ia-ia desagertuta dagoen Bilbo gris eta industrialarekin hasten da dokumentala, nostalgiko samar. Gaur egun, ostera, burdinak lekua utzi dio titanioari. “Hori da nire txikitako oroitzapena: apur bat gainbeheran zegoen eredu industriala, grisa bai, bizitzeko gogorra, baina bisualki oso erakargarria. Bilbo eta La Habana, biak dira hiri krepuskularrak, baina Bilbo eraldatu den bitartean, La Habana iraganean giltzapetuta geratu da”.
Baina titanioak ez du ezkutatzen atzean dagoen prekarietatea. Jada ez daude Euskalduna edo La Navaleko langile-protestak; baina gazteek eta ez horren gazteek bestelako problematikak dituzte hiriguneetan, euren bizitzekin aurrera egin ahal izateko. Grisa orain ez dago azalean, baina egon, badago. Hori ere lantzen du Ese mundo que no te da nada filmak. Langile-klasea, baina Del Ríoren estiloan: “Pelikula nolabaiteko langile borrokaren eszenatoki bihurtzen da, baina ez oso agerian. Gaur egun pertsona nagusi gehienek bizitza konponduta dute, baina gazteek euren bizitza eraikitzeko hamaika arazo dituzte. Gazteei oso zaila egiten zaie independentzia ekonomikoa lortzea daukagun sistema kapitalistan”.
Errealitate hori islatzeko, Cristina Ezquerra izan du bidelagun zuzendari bilbotarrak. Ezquerra ez da aktorea lanbidez –momentuz–, eta filmean bere burua interpretatu du, iraganean izan dituen bizipenetan oinarrituta. Oso pozik agertu da bizitakoarekin: “Nire lehenengo esperientzia izan da pelikula batean aktore gisa. Oso film txikia da, undergrounda. Orain dela urte batzuk hasi ginen patxadaz sortzen”. Nabarmendu dutenez, pelikula egiteko ez dute inolako laguntza edo babesik jaso, “beraz, askatasun handiz planteatu ahal izan dugu alderdi guztietan”.
Del Río ere gustora agertu da, filmak Zinemaldian izango duelako mundu mailako estreinaldia: “Nire ibilbide zinematografikoa hementxe Zinemaldian hasi nuen, 1982. urtean Octubre, 12 film laburra aurkeztu nuenetik. Atera kontuak!”. Hurrengo hilabeteotan jaialdietatik bira egitea aurreikusten dute, ahal den neurrian: “Badakigu pelikula hau apur bat bazterrekoa izan daitekeela, zirkuitu komertzialetatik kanpokoa. Baina saiakera egingo dugu”.
Julen Nafarrate Aurrekoetxea