"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Belodromoak Celeste telesailaren eta Go!azenen hamaikagarren denboraldiko lehen atalaren estreinaldiak hartuko ditu, baita Marco –Perlak sailari lehiaz kanpo amaiera emango dion film luzea− eta Sail Ofiziala itxiko duen We Live in Time ere.
Diego San José irundarra da Celeste telesailaren sortzailea; sei kapitulukoa, Elena Trapék zuzendu du eta osorik emango da Belodromoan etzi, irailak 22, arratsaldeko seiretan. Celeste musika latinoamerikarreko izar nagusia da, bere abestiak ezin arrakastatsuagoak dira mundu osoan eta kontzertu estadio-betetzaileak ematen ditu. Baina telesail hau ez da Celesteri buruzkoa. Celesteren benetako protagonista Sara Santano da, bizitza osoa zergak biltzen eman duen Ogasuneko ikuskatzaile bat. Hogeita hamar urtetik gora Zerga Agentzian lanean eman ondoren erretiroa hartzear dagoela, bere bizitzako enkargurik garrantzitsuena jasoko du: Celestek zergak Espainian ordaindu behar dituela frogatzea.
Bestalde, irailaren 27an, Go!azen telesailaren hamaikagarren denboraldiko lehen atala aurkeztuko da Belodromoan 18:30ean eta, iaz bezala, emanaldiaren aurretik protagonisten zuzeneko emanaldi batez gozatu ahalko dute ikus-entzuleek. Itziar Gomez errenteriarrak zuzendu du Basakabi udalekuan kokatutako abentura musikalen emanaldi berri hau. Ohiko interpreteak agertuko dira bertan, aktore berriez gain, hala nola Sara Cozar.
Halaber, ohi denez, Zinemaldiaren azken egunean, Belodromoan amaierako galaren zuzeneko emanaldia egingo da. Gala horren aurretik, 18:45ean, Perlak sailari lehiaz kanpo amaiera emango dion filma emango da, Marco, Veneziako Mostrako Orizzonti sailean programatua. Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako film berriak Eduard Fernández du protagonista eta Enric Marcoren benetako istorioa kontatzen digu: bere biografia faltsutu eta Flossenbürgeko kontzentrazio-esparrutik bizirik atera zelako itxurak egin zituen.
Sergio Basurko