Cate Blanchett nazioarteko aktore ospetsua, ekoizlea, arte-zuzendaria eta filantropoa da, eta oso konprometituta dago kulturaren sektorearekin. Dirty Films zinemako eta telebistako ekoizpen-etxeko sortzailea eta zuzendaria da, Andrew Upton eta Coco Francini bazkideekin batera. Proof of Concept programa abiarazi berri dute, zinemagile berriei finantza-laguntza, tutoretza eta ikusgarritasuna emateko. Blanchettek enpresa horrekin Warwick Thornton-en The New Boy (Perlak, 2023) lan saritua ekoitzi eta protagonizatu zuen. Halaber, Apple Original Films-en Fingernails (Sail Ofiziala, 2023) film luzearen atzean ere egon zen, Christos Nikourena, Jessie Buckley, Riz Ahmed eta Jeremy Allen White aktoreek egina; baita Noora Niasari-ren Shayda debuteko lan sarituaren atzean ere, Zar Amir Ebrahimik protagonizatutakoa.
Dirty Films etxearekin ekoitzi ditu Todd Haynes-en Carol, Todd Field-en Tár, Christos Nikouren Apples eta Mrs America, Emmy sarietarako 10 izendapen lortu dituen FXren mini-telesaila. Gainera, Netflixerako Stateless telesaila ekoitzi eta lankidetzan sortu du, AACTAren 13 sari eskuratu dituena. Halaber, Audibleren Climate of Change podcast original saritua sortu eta ekoitzi du, eta Evolver, Tribecan estreinatu zuen errealitate birtualeko esperientzia interaktiboa, 2024ko Canneseko zinema-jaialdiko lehiaketa murgiltzailerako hautatu dena.
Blanchetten interpretazio-lanen artean daude Tár, Nightmare Alley, Don’t Look Up, Ocean’s 8, Thor: Ragnorok, Carol, Blue Jasmine, I’m Not There, The Curious Case of Benjamin Button, Notes on a Scandal, The Life Aquatic, Indiana Jones and the Kingdom of the Crystal Skull, The Lord of the Rings eta The Hobbit trilogiak, The Good German, The Aviator, The Talented Mr Ripley eta Elizabeth. Sari ugari jaso ditu, artean, nabarmentzekoak dira lau Bafta, bi Oscar, hiru Urrezko Globo eta Aktore Sindikatuaren hiru sari.
2008 eta 2013 artean, Sydneyko Antzerki Konpainia sarituaren zuzendari artistiko eta zuzendari exekutibo izan zen Andrew Uptonekin batera. Elkarrekin, urtean hamasei ikuskizun ekoitzi zituzten lau egoitzatan, bira nazionalekin eta nazioartekoekin. Ekoizpen aipagarrienak dira Tennessee Williamsen A Streetcar Named Desire, Liv Ullmannek zuzendua; Anton Txekhoven Uncle Vanya, Tamas Ascher-ek zuzendua; Steven Soderberghen Tot Mom; The War of the Roses, Genet-en Les Bonnes / The Maids eta Botto Straussen Gross und Klein / Big and Small obrekin Benedict Andrew-ek sortutako muntaketa txalotuak; Neil Armfield-ek zuzendutako The Secret River obraren egokitzapen seminala, gerora ABC katearen izen bereko telesaila inspiratu duena; Kip Williams dramaturgoaren ekoizpenak; eta Andrew Uptonen The Present, John Crowleyk zuzendua eta zeinari esker Blanchettek Tony sarietarako izendapen bat eskuratu baitzuen. Duela gutxi, Martin Crimp-ek zuzendutako eta National Theatrek ekoitzitako When We Have Sufficiently Tortured Each Other antzezlanean aktore aritu da Blanchett.
Blanchettek eta Uptonek Green Globe saria jaso zuten, Sydneyko Antzerki Konpainia munduko kultur erakunde ekologikoenetako bat izateko egindako lanagatik. Izan ere, besteak beste, teilatu gainean jarritako eguzki-panelen Australiako bigarren instalazio handiena eraiki zuten.
Cannesko eta Veneziako zinema-jaialdietako epaimahaiburu izan da, eta Veneziako zinema-jaialdiak interpretazio onenaren Volpi Kopa eman dio birritan. Londresko zinema-jaialdiak BFIren ohorezko kide izendatu zuen, bikaintasun zinematografikoaren Stanley Kubrick saria jaso du eta izar bat dauka Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan. Halaber, Ohorezko César saria, Nazioarteko Goya saria eta Chaplin saria eman dizkiote. Blanchett izendatu dute Chevalier de l'ordre des Arts et des Lettres; Companion of the Order of Australia; Mendeurreneko Domina Australiako gizarteari egindako zerbitzuengatik; eta Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko, Sydneyko Unibertsitateko eta Macquarie Unibertsitateko honoris causa doktore.
Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren (UNHCR) Borondate Oneko Munduko enbaxadore da Blanchett, baita Earthshot Sariaren kontseilukide ere. Wakehurst-en eta Milurtekoaren Hazi Bankuaren lehen enbaxadorea da. Davoseko Munduko Ekonomia Foroaren Crystal saria eta Kuwait-America Fundazioaren sari humanitarioa jaso ditu. Australian Conservation Foundation erakundearen biziarteko kide da, baita Actors Benevolent Fund, SAG-AFTRA Foundation eta Australian Wildlife Conservancy erakundeetako kide ere. Bestalde, AFI enbaxadore eta Sydneyko zinema-jaialdiaren eta arte dramatikoa ikasi zuen NIDA fundazioaren patrono da. Ingalaterrako landa-inguruan bizi da bere senarrarekin, lau seme-alabekin, hiru txakurrekin, bi katuekin, txerriekin eta oiloekin.