"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Andreu Buenafuente eta Berto Romero komikoek eta Barbara Goenaga aktoreak aurkeztu dute aurtengo inaugurazio-gala. Eta zinez aspaldiko partez umorea ez zaio falta izan ekitaldiari.
Sail Ofizialeko epaimahaiburuak, iaz O Corno filmarekin Urrezko Maskorra irabazi zuen Jaione Cambordak, parte hartu du, halaber. “Bereziki hunkigarria da niretzat gaur hemen egotea, nire jaioterrian, epaimahaian zinegile eta profesional handiek lagunduta. Zinema-jaialdi garrantzitsu honen kalitateak eta adierazpen askatasunak oihartzun handia dute mundu osoan”, ziurtatu du.
“Edizio honetako epaimahaikide gisa, zinemarekiko errespetutik, konpromisotik eta maitasunetik eta zinema zeharkatzen duen bizitzatik hartzen dugu ardura hori, gure era bakien iparrorratz gisa. Egun zirraragarriak datoz. Pantaila handian murgiltzeko egunak izango dira, gizaki gisa eta bizi garen mundu arraro eta liluragarri honetako biztanle gisa batzen eta osatzen gaituenean murgiltzeko”, bukatu du gainerako epaimahaikideak alboan zituela: Leila Guerriero idazle eta kazetari ar gentinarra, Fran Kranz aktore eta zuzendari estatubatuarra, Ulrich Seidl errealizadore austriarra eta Carole Scotta ekoizle frantziarra.
Galaren amaieran, Emmanuelle Audrey Diwanen film berria estreinatu da mundu mailan. Aurtengo edizioan, 53 herrialdetako 254 film emango dira, bai eta 694 emanaldi ere, “zinema-urte oparoa” izango den seinale, galan esan den bezala.