"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gaur hasiko da Donostiako Zinemaldiaren edizio berri bat. Bederatzi egun, filmen emanaldiez, industria-jarduerez, topaketez, hizketaldiez eta mahai-inguruez beteak, baita jendea ezagutzeko eta egun hauetan Donostian elkartzen diren mundu osoko pertsona ospetsuen talentuaz gozatzeko aukeraz ere. Zinema-jaialdi honek filmak ikusteko, komunikabideen aurrean filmak erakusteko eta zinemazaleek zinemarik onenaz gozatzeko aukera ematen du.
Oraina garrantzitsua da gure Zinemaldirako. Garrantzitsua da gaur egun sortzen den zinema, errealitatearen isla gisa, eta herritarrak kezkatzen dituzten gaiei buruz hitz egiten duena. Eta baita zinema hori ere, gozamena besterik ez dena, kontatzen dizkiguten eta mundu ezberdin askotara eramaten gaituzten istorioekin biltzeko aukera.
Baina iraganetik ikastea ere garrantzitsua da, iraganak oraina ulertzen laguntzen baitigu. Eta horregatik, ohi bezala, film klasikoen emanaldiak eta Italiako polizia-zinemari eskainitako atzera begirako bat izango dira.
Azkenik, etorkizunera ere begiratzen dugu, zinemagile berriei lagunduz. Gure sailetako bat, Nest, zinema ikasleez arduratzen da, eta New Directors atalak mundu osotik etorritako zinemagileen lehen eta bigarren filmak erakutsiko dizkigu. Zinemagile horietako asko datozen urteetan itzuliko dira Donostiara beren lan berriekin edo zinema-jaialdi handien zirkuituan hartuko dute parte.
Lehen egun honi ilusio handiz ekingo diogu Zinemaldiko Zuzendaritzan. Bertan parte hartzen duzuen guztiok une on asko pasatzeko eta zuen parte-hartzea baliagarria izateko ilusioarekin.
Denok zinemara.
José Luis Rebordinos
SSIFFeko Zuzendaria