"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak eta Tokioko Cervantes Institutuak Donostia Japonian: SSIFF eta Tokioko Cervantes Institutua jarduera-programa bultzatzen dute. Bertan, zinema-emanaldi bat egingo da Japoniako hiriburuan, Hokkaidoko Zinema Gastronomikoaren Jaialdian parte hartzeaz gain.
Hautatutako filma Mugaritz. Sin pan ni postre da, Zinemaldiaren 72. edizioan Culinary Zinema Saria irabazi zuena. Paco Plazak (Verónica, La abuela) zuzendutako dokumentala gastronomiaz haratago doa. Ikus-entzuleak Andoni Luis Adurizen –nazioarteko chefen artean sormen eta itzal handieneko baten– jatetxean gertatzen den berrasmatze-prozesuaren salbuespenezko lekuko bihurtzen dira. Tokioko emanaldiaz gain (hilaren 20an, asteazkena), 22an Mugaritz. Sin pan ni postre pelikulak inauguratuko du, Sapporon, Hokkaidoko Zinema Gastronomikoaren Jaialdia.
Hokkaido, Japoniako uharteen artean bigarren handiena, herrialdearen iparraldean dago, eta topografia, kokapena, korronte ozeanikoak eta urtaro-haizeak direla-eta, natura eta kultura aski bereziak ditu; izan ere, herrialdearen elikadura-oinarri izan da Hokkaido luzaroan. Hokkaidoko Zinema Gastronomikoaren Jaialdiaren lehen edizioa azaroaren 22tik 24ra egingo da, parte-hartzaileak, zinemaren munduko profesionalak, sukaldariak, ekoiztetxeak eta Hokkaidoko industria gastronomiko eta turistikoko ordezkariak konektatzeko plataforma izan dadin.
José Luis Rebordinosen hitzetan: «Betidanik sentitu dugu Japonia gertuko herrialde. Gastronomi japoniarrak eta Espainiako gastronomiak harreman handia izan dute, are elkarri goi-mailako gastronomian eragiteraino. Cervantes Institutuarekin eta Hokkaidoko Zinema Gastronomikoaren Jaialdiarekin sinatutako akordio berri honek zinemaren eta gastronomiaren arteko harremanak are gehiago estutzeko balioko digu».
Bestalde, Tokioko Cervantes Institutuko zuzendari Víctor Andrescok azpimarratu duenez, «zinema espainiarrak Japonian duen lehen enbaxadore eta enbaxadore onen izaten jarraitzen du Donostia Zinemaldiak, eta akordio hau merezitako omenaldia da lan ordainezin horretarako, baita bi erakundeok Japoniako kultura eta herriarekiko elkarrizketari heltzeko dugun energia eta grinaren biderkatzaile ere».