Donostia Zinemaldiaren 72. edizioak, Klasikoak programaren barruan, En la otra isla zikloa hartuko du, 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean egindako 18 film kubatar zaharberrituk osatutako hautaketa bat. Zinemaldiaren, EQZE Elías Querejeta Zine Eskolaren (aktiboki hartu du parte EQZEk zaharberritzean), eta Euskadiko Filmategiaren proposamena bost saiotan banatuta egongo da, eta zinemagileen –hala nola Sara Gómezen eta Nicolás Guillénen lan ez hain ezagunak−, persona kanonikoen –adibidez, Santiago Álvarezen– eta egitura instituzionaletatik kanpo lan egin zuten sortzaile amateurren lanez hornituko dira.
Filmak –kasu askotan mundu-estreinaldian programatuak edo Espainian lehen aldiz ikusiko direnak– Kubako zenbait erakunderen (Cinemateca de Cuba, ICAIC, zinemagileak eta partikularrak) eta nazioarteko erakunde hauen elkarlanaren ondorioz eman ahalko dira: Elías Querejeta Zine Eskola bera, zaharberritze eta filmen kontserbaziorako arloaren bitartez; Kanadako Vulnerable Media Lab/Queen's University; Alemaniako Arsenal-Institut für Film und Videokunst; Madrilgo Altahabana Films; Archivistas Salvajes kolektiboa (Kuba-Donostia); eta Frantziako Institut National de l'Audiovisuel.
Programa Elías Querejeta Zine Eskolak Tabakaleran duen zinema-areto berrian proiektatuko da, eraikinaren beheko solairuan, eta Sara Gómezen De cierta manera filmarekin emango zaio amaiera. Emakume kubatar batek zuzendutako lehen film luzea da berau, 1977an Zinemaldiko Auzoak eta Herriak atalean aurkeztua eta Behin bakarrik bizi daiteke (1988) atzerabegirakoan berreskuratua.
2024an, Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak nola denboran hala espazioan luzatutako zinema klasikoko jaialdi bat bultzatu dute, hiru ziklo multzokatuz: lehenik, Filmategiak urtean zehar Euskal Herriko hainbat kultur erakundetan programatzen dituen dozena film zaharberrituak; bigarrenik, irailean Zinemaldiaren esparruan proiektatuko diren Klasikoak saileko sei filmak; eta hirugarrenik, aurten Italia biolentoa. Italiako polizia-zinema deituko zaion atzerabegirakoa. Aurten, gainera, 60ko eta 80ko hamarkadetan errealizatutako zinema kubatar zaharberrituaren ziklo hau ere eskainiko du.
Klasikoak programak Donostia Zinemaldiaren tradizio historikoari jarraitzen dio, beti berreskuratu nahi izan baititu hasiera-hasieratik indartu dituen zinemagileak, garaiak, gaiak edo hizkuntza zinematografikoak. Hain zuzen ere, 1959an hasi zen eginahal hori, René Clair zinemagileari eskainitako atzerabegirakoarekin. Ildo horretan bertan, Euskadiko Filmategiak ere apustu irmoa egiten du filmak zaharberritzeko eta zabaltzeko.
'EN LA OTRA ISLA' PROGRAMA
Es bueno que esto lo vean en La Habana
(Ona da hau Habanan ikustea)
Landrián Baracoa probintziara joan zen Livio Delgado kamerariarekin. Bertan filmatutako hiru filmetatik, Ociel del Toa da ezagunena, landa-bizitzari eta lanaren eguneroko erritmoei buruzko meditazio poetiko eta sentsuala. Ociel hamahiru urteko mutikoak Toa ibaia zeharkatzen du bere kanoan.
Isla de Pinos uhartean (gaur egun, Isla de la Juventud deritzonean) egindako inkesta. Uharteam gazteen belaunaldi berri bat ari da sortzen.
Toda mi sangre grita Mozambique
(Nire odol guztiak Mozambike oihukatzen du)
Kuban diskriminazio arrazista salatzen du kolonia-garaitik Iraultzaren garaipenera arte.
Landriánek Habanako auzo bateko (La Habana Vieja) eguneroko bizitzako uneak aurkezten dizkigu bere lehen lanen artean dagoen honetan, eta Kubaren erretratu aparta egiten du: arraza-nahasketa, santeria, belaunaldiak, klase sozialen gainbehera sozialismo berria iristean. Fidel Castrok "afrantsesatutzat" jo omen zuen pelikula.
Camajaunín –Kubaren bihotzean--, Santa Fe herri txiki bateko landetxe batean, esklabo zimarroien ondorengoz osatutako Fusté familia bizi da, eta urteroko maiatzaren 3an maiatzeko gurutze santuaren gaualdia ospatzen du, elementu yoruba, kristau eta espiritistak konbinatzen dituen erritual erlijioso berdingabea. Erritual honek hildakoak exorzizatu eta bizidunen gorputzak hartzera gonbidatzen ditu euria eta uztak ziurtatzeko.
Santiagon askoz ere nabarmenagoa da Kuba Antilletako uhartea dela. Historiaren hiria eta mitoaren hiria da. Haitik eta hango iraultzak, piratek eta lurrikarek arrastoa utzi dute Santiagon, Santiagoko gizakiaren bizitzan, horko eskailerekin. Santiagon igo egin behar dugu, igo, igo, eta gero inauterien barnera erori.
Bi urtez "dibertsionismo ideologikoagatik" (besteak beste) espetxean egon ondoren, Nicolas Guillén Landrián berriro onartu zuten ICAICen. Han eman zioten lehen lan ofiziala, kafe-ekoizpenari buruzko film didaktiko bat.
Segunda mano (Bigarren eskua)
Isla de Pinosen ikuspegia: aurkitu zutenean, delitugileentzako eta iraultzaileentzako Modelo Espetxea eraiki zutenean, eta 60ko hamarkadan gizarte berri bat sortu zenean bertan, gazteen parte-hartzearekin.
Lyndon B. Johnsonen agintaldian 1963-1969 aldian Estatu Batuetan izandako indarkeriaren satira politikoa eta sintesi historiko eta didaktikoa. Artxiboko irudiak eta elkarrizketak berrerabiliz eta Martin Luther King Jr. eta John eta Bob Kennedyren hilketak berrikusita, filmak Estatu Batuetako politika aztertzen du.
Ho Chi Minh lider, poeta, gerrillari eta estatuburu vietmandarraren bizitzan zehar, bere herria zapaltzen saiatu ziren inperio guztien aurkako borroka sekularra islatzen da, baita haren heriotzaren aurreko mina ere.
Ernesto Cardenal poeta nikaraguarraren Oración por Marilyn Monroe poemak aktore mitikoaren zorigaiztoko patua Amerikako haurren miseria eta esplotazioarekin lotzeko balio du. Kultura masiboaren ikonoa, Marilyn Monroeren irudiez birjabetzeko balio du muntaketak, birradierazpenerako, eta hori guztia zapalkuntza eta umiliazio inperialistaren sinbolo gisa. Otoitza, zinemako jainkosagatik ez ezik, gizateria osoarengatik ere bada.
1988an, Kubako Estatua hilobi monumental bat eraikitzen hasi zen Ernesto 'Che' Guevara gerrillariarentzat, nahiz eta haren gorpuak desagertuta jarraitzen zuen Boliviako oihanean. Polemika eta konspirazio-teoriak ugari zirela, Alderdi Komunistak Secades eta García zinemagile amateurrei obra dokumentatzeko agindu zien, indar armatu iraultzaileen babes eta ikuskapenarekin. Nace una plaza esperientzia horretatik ateratako dokumentala dugu.
Cuba trabaja y se divierte
(Kubak lan egin eta ondo pasatzen du)
Kubako herriaren dantza-kulturari egindako omenaldi bizi eta alaia. Pello El Afrokán konpositore ospetsuaren Mozambique partitura originalarekin, filma Habanako gaueko bizitza musikalaren ospakizun inguratzailea da. Probokatzailetzat hartu zen bere garaian, Iraultzak ekoizpen ekonomikoa handitzera bultzatzen baitzituen herritarrak.
Pelikulak Kubako musika, Kubako oinarrizko musika-tresnak eta horien garapena aztertzen ditu, Alberto Zayas musikari eta instrumentu-fabrikatzailearekin izandako elkarrizketa batetik abiatuta. Hala, Zayasek, erritmoak irudikatzeko erabiltzen dituen adibideekin, musika egiteko modu kubatar propio bat dagoela baieztatzen digu.
Cuba Libre zentraleko bateyan (Matanzas probintzia), Herritarren Batzar Nagusira deitu dute, Herri Boterearen presidentea aukeratzeko. Bilera horretarako kondizioak nola prestatzen diren erakusten du dokumentalak, nola giza mailan hala maila fisikoan.
Autobusak eraikitzea, hiri-garraioaren arazoa konpontzeko. ICAIC erakundetik behin betiko kanporatu aurretik (1972) zinemagile afrokubatarrak zuzendutako azken dokumentaletako bat da. Langileak garraitzeko diseinatutako autobusen muntaketarako planoak eta, tartean, langileen ordezkaritza eta parte-hartze politikoa lantegiko batzarretan.
Nekazariek ezjakintasuna desagerrarazteko egindako osoko bilkura bati buruzko dokumentala. Trapuzko panpina handi batek sinbolizatzen du ezjakintasuna, eta estandarte gisa, su ematen diote panpinari. Zuzendariaren hitzetan: "Oso zinema subjektiboa, pertsonala eta esperimentala egiten saiatu nintzen, erabat esperimentala, baina ez nuen lortu, kaotikoa zela esaten baitzuten. Film hauek egin nituenean ni ez nengoen ongi, Habanan bizitako presioagatik erotzen ari bainintzen astiro-astiro".
De cierta manera (Nolabait ere)
Komunitateko irakasle berri batek aurre egin beharko die Miraflores auzoko langile batekin duen maitasun-harremanean sortutako desadostasun eta gatazkei, Iraultzak auzo marjinalak desagerrarazteko egindako lehen ahaleginen ondorioz. Zinemagileak aurreko film laburretan esploratutako kezka guztiak jaso eta zabaltzen ditu filmak, marjinazioaren, modernizazio iraultzailearen, arrazaren eta generoaren konplexutasunak azaleratze aldera.