Pedro Almodóvar zuzendari, gidoigile eta ekoizleak Donostia Sari bat jasoko du datorren irailaren 26an (osteguna) Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren barnean. Ohorezko golardoarekin, zinemaren munduari egindako ekarpen bikaina aintzatetsi nahi zaio omenduari, eta entrega-ekitaldia Kursaal Auditoriumean gauzatuko da, zinemagilearen azken film La habitación de al lado / The Room Next Door eman aurretik; zuzendariaren lehen filma da ingelesez, Tilda Swinton eta Julianne Moore ditu protagonista eta Veneziako zinema-jaialdiaren hurrengo edizioan lehian ariko da Urrezko Lehoia eskuratzeko. Hain zuzen ere, Swintonek emango dio saria oholtza gainean.
Pedro Almodóvarrek ibilaldi luzea du zinemagintzan: hamar film labur baino gehiago, horietako zenbaitzuk oso zabalduak nazioartean, hala nola La voz humana (Veneziako Mostran estreinatua, 2020an) eta Extraña forma de vida (Cannesen estreinatua, 2023an), ia hogeita hamar film luzez gainera. Horregatik, 170 sari baino gehiago eta 200 izendapenetik gora jaso ditu. Aintzatespenen artean, nabarmentzekoak dira bi Oscar sari, bi Golden Globe, Europako Zinema Akademiaren zazpi golardo, bost Bafta, lau César, bost Goya eta bi David di Donatello. Cannesen, Berlinalen, Venezian eta Donostia Zinemaldian golardoak jasotzeaz gain, MOMAn omendua izan da Almodóvar eta, halaber, Jean Renoir Sariaz errekonozitu da, David Lean Lecturerako hautatu da eta honoris causa doktore izendatu dute Harvard eta Oxfordeko unibertsitateetan, baita Estatu Batuetako Arte Ederren Urrezko Medaila, Espainiako Arte Ederretako Merituaren Domina, Arteen Asturiasko Printze Saria, Ohorezko Legioaren Zaldun Ordena Nazionala (Frantzia) jaso ere.
Bere talentu artistikoaz eta estilo bisual propio eta bereziaz gainera –Almodóvarren nortasuna alderdi orotan da agerikoa: arte-zuzendaritza, soinu-banda, etab.– Pedro Almodóvarren zinema gailendu egiten da emakumezko pertsonaien idazketagatik, aktore-zuzendaritzagatik, LGTBIQ+ unibertsora, erlijiora, sexura, adikzioetara, oroimen historikora eta beste hainbat gaitara hurbiltzean duen ausardiagatik eta erakutsitako konpromiso politikoagatik; izan ere, publikoki adierazi izan du gatazka belikoen eta ultraeskuineko diskurtsoen aurka dagoela.
Pedro Almodóvar 1980an izan lehen lehendabizikoz Donostia Zinemaldian, Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón bere lehen film luzea erakusteko; hala, Errealizadore Berriak sailean lehiatu zen obra hori, Auzoak eta Herriak sailean emateaz eta 24 urte geroago, 2004an, Incorrect@s atzerabegirakoan berreskuratua izateaz gain. Bere hurrengo filma, Laberinto de pasiones (1982), Sail Ofizialean lehiatu zen. Donostia Zinemaldiaren Artxiboan jasota daude parte-hartze horiek guztiak: 1980ari dagokionez, Blanca Sánchez eta Olvido Gararekin (Alaska) ageri da zinemagilea Luci, Bom y otras chicas del montón filmaren estreinaldiko argazki batean, eta eskuz idatzitako ohar bat ere badago filma Auzoak eta Herriak sailean ematea baimentzeko (Donostia Zinemaldiaren programazioa EAEko eta Nafarroako hainbat udalerritara eramaten zen horren bidez). 1982ari gagozkiola, argazki bat dago Artxiboan Almodóvar Victoria Eugenia Antzokira iristen Marta Fernández Muro eta Cecilia Roth aktoreekin. 1993etik, nabarmentzekoa da zuzendaria Rossy de Palma, Bibi Ándersen eta Loles León aktoreekin Argentinar Errepublikaren pasealekuan ageri deneko argazkia; izan ere, urte horretan Zabaltegik berreskuratu egin zuen zinemagileak zirkuitu komertzialetik at egindako bere lehen filma, Folle, folle, fólleme, Tim (1978), Zinemaldiak egin zion La noche Almodóvar izeneko omenaldiaren esparruan. Kika filmaren zenbait zati ere eman ziren (garai hartan postprodukzio-fasean zegoen filma).
(1) Pedro Almodóvar, Olvido Gara "Alaska" eta Blanca Sánchez Victoria Eugenia Antzokiko eskailerak igotzen, ;Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón; filmaren estreinaldian. (2) Pedro Almodóvarrek eskuz idatzitako oharra, Auzoen eta Herrien Batzordeari bere film Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón proiektatzeko baimena ematen diona. [Donostia Zinemaldiaren Artxiboa]
(3) Pedro Almodóvar zuzendaria eta Marta Fernández Muro eta Cecilia Roth aktoreak, Victoria Eugenia Antzokira iritsi ondoren. (4) Pedro Almodóvar Argentinar Errepublikaren pasealekuan, Rossy de Palma eta Bibi Andersen atzealdean daudela (Miguel Ángel Martirena, 1993). [Donostia Zinemaldiaren Artxiboa]
Almodóvar 1995an itzuli zen Zinemaldira, oraingoan Sail Ofizialera, La flor de mi secreto pelikularekin, lehiaz kanpo emana. Urte horretan bertan, Ezustekoen bazarra atzerabegirakoak Trailer para los amantes de lo prohibido (1985) bere film laburra berreskuratu zuen. Harrez geroztik, zinemagilearen film ugari bildu izan dira Zinemaldiaren Made in Spain saileko programazioan, Cannesetik, Veneziarik eta beste hainbat jaialditatik igaro ondoren; hona hemen horietako adierazgarrienetako zenbaitzuk: Carne trémula (1998); Todo sobre mi madre (1999), Fipresci Sari Nagusia jaso zuena Zinemaldian; Hable con ella (2002); La mala educación (2004), Cannes inauguratu zuena; Volver (2006), hura ere Fipresci Sari Nagusiaren irabazlea Zinemaldian; Los abrazos rotos (2009), Los amantes pasajeros (2013), Julieta (2016) eta Dolor y gloria (2019).
(5) Pedro Almodóvar eta Bertrand Tavernier solasean, 1996ko Zinemaldian.(6) Zuzendaria (irudiaren atzealdean) Al Pacino txalotzen, urte horretan bertan aktore estatubatuarrak Donostia Saria jaso zueneko emanaldian. (7) Iván Zulueta zinemagilea eta haren lagun Pedro elkar besarkatzen, 2002an, Zinemaldiaren 50. urteurrenean.
Almodóvarren presentzia Donostian egotea El Deseo bere ekoiztetxearekin ere lotuta egon da. 1986ean sortu zuen El Deseo, anaia Agustínekin batera, eta bere filmografia propioa horren bidez ekoizteaz gain, Horizontes Latinos (El último verano de la Boyita, 2009) eta Perlak sailetan hautatutako filmak ere babestu izan ditu: Relatos salvajes (Publikoaren saria Europako film onenari, 2014), El clan eta El ángel (2018); izan ere, El ángel Almodóvarrek Zinemaldira egindako azken bisitaren edizio berean aurkeztu zen. Aurten Salvador del Solarren Ramón y Ramón filmaren ekoizle gisa ere ageri da (Horizontes Latinosen emango da lan hori).
(8-9) Pedro Almodóvarrek Woody Alleni eman zion Donostia Saria 2004an eta Antonio Banderasi, berriz, 2008an.
(10) Agustín Almodóvar anaia eta ekoizleak Fipresci Sari Nagusia jaso zuen 2006an Volver filmarekin eta, bestalde, Relatos salvajes (11) eta El ángel (12) filmen ekoizleetako bat izan zen El Deseo, hurrenez hurren, 2014an eta 2018an.
Filmak aurkezteaz gain, Almodóvarrek bere presentziarekin ere babestu izan du Donostia Zinemaldia; esate baterako, Zinemaldiaren 50. urteurrenaren ospakizunetan parte hartu zuen 2002an, eta Donostia Saria Al Pacino (1996), Woody Allen (2004) eta Antonio Banderasi (2008) entregatzeko ardura izan du. 2024an Almodóvarrek berak jasoko du Donostia Saria Tilda Swinton aktorearen eskutik, La voz humana (2020) film laburraren eta La habitación de al lado / The Room Next Door zuzendariaren azken filmaren protagonista berau.
Ingrid eta Martha lagun minak ziren gaztetan. Biek aldizkari berean egiten zuten lan, baina Ingrid autofikzioko eleberrigile bihurtu zen eta Martha, berriz, gerra-erreportari. Bizi-inguruabarrek banandu egin zituzten, baina hainbat urte elkarren berri izan gabe eman ondoren, berriz topatuko dute elkar egoera bortitz baina bitxiki ezti batean.
Ciudad Real probintziako Calzada de Calatrava herrian jaio zen, Mantxa eskualdean, berrogeita hamarreko hamarkadan. Zortzi urterekin Extremadurara joan zen bizitzera familiarekin. Han oinarrizko batxilergoa ikasi zuen Aita Salestarren eskolan eta goi-mailakoa Frantziskotarrenean.
Hamazazpi urterekin gurasoen etxetik independizatu eta Madrilera joan zen bizitzera, dirurik gabe eta lanik gabe, baina oso proiektu zehatz batekin: zinema ikastea eta egitea. Ezinezkoa zen Zinema Eskola Ofizialean matrikulatzea, Francok itxi berria baitzuen. Herrialdea itotzen ari zen diktadura gorabehera, probintzietako nerabe batentzat Madrilek kultura, independentzia eta askatasuna irudikatzen zituen. Askotariko eta noizbehinkako lanak egiten hasi zen, baina ezin izan zuen bere lehen Super 8 mm-ko kamera erosi 1971n Compañía Telefónica Nacional de España konpainian lanpostu "serio" bat lortu zuen arte. Hamabi urte eman zituen CTNEn lanean administrari laguntzaile gisa goizeko txandan, beste hainbat jarduera egiten zituen aldi berean, eta jarduera horiek izan ziren, hain justu, Almodóvarren benetako formazioa zinemagile eta pertsona gisa.
Goizetan, Telefónican, kontsumo-garaiaren hasierako (70eko hamarkada) klase sozial ertain espainiarra sakonki ezagutzen hasi zen, haren dramak eta miseriak, narratzaile gisa izango zuen etorkizun baterako benetako inspirazioa. Arratsalde-gauean, idatzi, maitatu eta Los Goliardos talde independente mitikoarekin antzerkia egiten zuen, super 8 pelikuletan filmatzen hasi zen (Almodóvarrek zinemagile gisa izandako eskola bakarra). Hainbat aldizkari undergroundetan laguntzen hasi zen, kontakizunak idazteaz gain (baita batzuk argitaratu ere). Parodiazko punk-rock talde batean ere bazegoen: Almodóvar y McNamara. Eta zorte handia izan zuen zinemagileak: bere leherketa pertsonala 70eko hamarkadaren amaierako eta 80ko hamarkadaren hasierako Madril demokratikoaren eztandaren aldi berean jazo zen. Munduan La Movida Madrileña deitu zitzaion eztanda horri.
Almodóvarren zinema Espainiako demokrazia jaioberriaren oinordeko eta lekuko da. Urte eta erdi eman ondoren 16 mm-ko filmaketa gorabeheratsuak egiten, 1980an Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón estreinatu zuen, dirurik gabeko filma, ekipoko gainerako kideekin lankidetzan sortua; denak hasiberriak ziren, Carmen Maura izan ezik.
1986an El Deseo SA ekoizpen-konpainia sortu zuen anaia Agustínekin. Ekoiztetxearen lehen proiektua La ley del deseo izan zen. Harrezkero, Pedrok zuzendu eta idatzi dituen film guztiak El Deseoren medioz ekoitzi dituzte, baita beste hainbat zuzendari gazteren lanak ere.
Azken 24 urteotan, Almodóvarrek nola estatuko hala nazioarteko sari zinematografiko entzutetsuenak jaso ditu. Eta hasierako lan-erritmo eta grina berberarekin jarraitzen du.