"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldira film bat aurkeztera etortzen direnek bat egiten dute honaino iristea ohorea dela esatean. Gauza bera uste du Ilia Malakhova (San Petersburgo, 1973) zinemagile errusiarrak. Hiria eta Zinemaldia paradisu gisa deskribatzen ditu, eta hemen dena ideala iruditzen zaio: hondartza, arkitektura, giroa, gurutzatzen den jendea eta hauek bizitza gozatzeko duten gogoa. Pertsonekiko eta horien harremanak izateko moduarekiko jakin-min hori bere lehen film luzean nabarmentzen da. Gaur Donostian estreinatuko du Hi, Mom filma, zuzendariaren lehen lana eta pertsonez hitz egiten duen istorio korapilatsua. Pelikula honekin New Directors sailean lehiatzen dena.
Ongi etorri Zinemaldira eta zorionak zure lehen film luzeagatik. Erronka handia izan al da film luzean estreinatzea?
Hi, Mom erronka bat izan da, baina ez filmaren formatuagatik, istorio beragatik baizik. Nahiko istorio korapilatsua eta pertsonala da. Zaila da pertsona batek barruan zer daraman erakustea. Hori izan zen erronkarik handiena: pertsonaia bakoitzaren barne-mundua erakustea.
Hain zuzen ere, filmean Kiraren barne-mundua ezagutzen dugu. 36 urte ditu, Pulkovoko aireportuko dei-zentroan lan egiten du eta bere ahizpa eta honen alabekin bizi da. Kira erantzunak bilatzen hasten da: batetik erantzun pertsonalak eta bestetik desagertuta dagoen ama.
Bai, eta pertsonaia horiek idazteko, nahi ditudan eta inguruan ditudan emakumeetan inspiratu naiz. Inporta zitzaidan lehen begiratuan desegituratutzat edo osatugabetzat jo daitezkeen familia horiek islatzea eta erakustea, Kiraren kasuan bezala, baina gero agian osatuagoak diruditen beste familia batzuetan baino maitasun handiagoa dute.
Familia bakoitza berezia da, eta familia bakoitzean harremanak modu desberdinean eraikitzen dira. Nik Kiraren familiaren istorioa kontatu nahi izan dut.
Eta nola lortzen da aktoreekin sentimenduen adierazkortasun hori lantzea?
Lana casting-etan hasi zen. Nire alaba handiena Daria Savelevaren argazki bat bidali zidan. Kiraren papera Dariak aurretik antzeztutako paperen oso desberdina da. Ordura arte, emakume sendo eta hotzen paperak antzeztu izan zituen, inoiz maitasunik erakusten ez zutenak. Adibidez, inspektore papera. Kiraren papera oso desberdina zen, Kirak bere maitasuna eta sentimenduak erakusten baititu: maitasuna, barrea, negarra...
Entzunaldia egin genuenean elkarrizketa asko izan genituen. Elkarrizketa horietan, lotura bat sentitu nuen ariman. Horrela jakin nuen egokia zela.
Pelikularen beste elementu garrantzitsu bat San Petersburgo hiria da.
Malaya Ohtan grabatu dugu, San Petesburgoko distrito batean. Han bizi izan nintzen ni haurtzaroan. Hiriak zorte ona eman zigun eta dena primeran atera zen. Denborarekin lagundu zigun. Bi eszena grabatu behar izan genituen kanpoan. Eszena batean eguraldi ona behar genuen eta beste eszenan eguraldi txarra. Bi egun baino ez genituen grabatzeko, eta, mirariz, lehen egunean ona egin zuen eta hurrengo egunean txarra. Perfektua izan zen.
Filmaketa oso ondo atera zen, orduan. Zer espero duzu Zinemaldiko ikusleek berekin eramatea Hi, Mom ikusten dutenean?
Gure maiteak zaintzea, beti begietara begiratzea eta egiazkoak izatea garrantzitsuena dela.
Filman bezala.
Filman bezala (irribarre batekin).
Iratxe Martinez