"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Abortu eskubidearen aldeko borrokaren gaineko istorio bat kontatzen du Las buenas compañías filmak, Alicia Falcó protagonista duen lanak. Silvia Muntek zuzendutako filma Malagako zinema jaialdian estreinatu zen eta Donostiako Giza Eskubideen XX. Zinemaldiko ikusleen sari nagusia eskuratu zuen. Donostian filmatu zen, iaz, eta gaur bertako zinema-aretoetara itzuliko da Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean.
Sílvia Munten eskutik etorri da zinemako zure lehen paper protagonista. Zer suposatu du zure ibilbiderako?
Sinestezina izan da, oraindik asimilatu behar dut. Apur bat prestatuta nengoen, txikitatik interpretazioaren alor asko ukitu ditudalako, baina protagonista bat beste gauza bat da. Silvia Muntekin egile-film bat egitea mundu bat deskubritzea izan zen.
Malagako 26. zinema jaialdian estreinatu zenean “aktore errebelazio” gisa aurkeztu zintuzten. Nola bizi izan zenuen?
Oso ondo hartu gintuzten Malagako jaialdian. Aktore errebelazioarena, jolas bat bezala hartzen dut. Oso ondo lagunduta egon nintzen han, eta, gero, etxera itzuli eta oinak lurrean jartzen dituzu. Arraroa da, baina gustatzen zait aktorearen mundua inguratzen duen guztia esperimentatzea, berezia baita. Adikzioa sortzen du eta asko gustatzen zait. Bokazioa indartu egin zait.
Zure papera, Bea gaztearena, oso konplexua da. Ingurune familiar eta sozial zail batean bizi den neska sentibera, haserretua eta errebeldea da. Filmeko ia eszena guztietan agertzen zara. Nola egin diozu aurre erronkari?
Entseatu ahala pertsonaia nolakoa zen jakin nuen, casting luze bateko etapa bakoitzak Bearen geruza gehiago aurkitzeko aukera ematen zidan. Inozentziaz hartu nuen, eta orain ez dakit inozentzia hori berreskuratuko nukeen, asko hazi bainaiz filmaketa honekin eta proiektu honi esker. Xalotasun horri esker, ez nintzen pertsonaiaren sakontasun izugarriaz arduratu eta aurre egin ahal izan nion. Iaz, bi hilabetez etorri nintzen Donostiara filmatzera eta bertan bizitzera, eta beti egiten dut paralelismo bat: Beak aldaketez betetako uda bizi du filmean, eta nik ere aldi berean izan nuen aldaketaz betetako sasoia. Asko hazi nintzen, zuzendariarengandik ikasi nuen, aktoreengandik... Familia bat bezalakoa izan zen eta asko zaindu ninduten. Etxean ikusten dudan eta hainbeste liluratzen nauen zinema benetan bizi izan nuen.
Bearen begirada oso adierazkorra da, zure interpretazioaren gakoetako bat ziur aski.
Film honi esker jakin dut nire “Alicia aktorearen” parte garrantzitsu bat begiak direla. Nik ez dut horrela begiratzen. Ez dakit nola egin nuen. Urratsez urrats, entseguen bidez, Bea izatera iritsi nintzen, eta bat-batean dena erraza izan zen eta aise atera zen. Horretarako bizi nintzen eta Bearen zati bat nigan geratu zen. Gehien kostatu zaidan eta gehien markatu nauen pertsonaia osatu dut.
Benetako gertaeretan oinarrituta dago filma eta Errenteriako emakume talde baten istorioa kontatzen du, 70-80ko hamarkadetan emakumeen eskubideen alde borrokatu zena.
Iruditzen zait denboran atzera telegarraiatu naizela eta emakume haiek sentitzen zutena esperimentatu ahal izan dudala. Gaurkotasunarekin antzekotasunak daude, baina gizartearen beste kontzeptu bat zen, eta beste une bat zen, erabat desberdina. Benetako historia denez gero, bertako jendea identifikatuta senti daiteke. Garrantzitsua da hain istorio indartsuari ahotsa jartzea. Nik eta nire inguruak ez genuen istorio hau ezagutzen. Erakutsi nahi ez diguten informazioa da. Emakume horiek ikusezinak ziren. Zinema sozialak zentzu handia ematen dio nire lanari.
Irene Elortza Gereño