"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Paul Urkijo Alijoren bigarren film luzeak, Irati oda mitologiko-historikoak, estreinaldiko asteburuan euskarazko lan batek inoiz bildutako ikusle gehien izan zituen pasa den otsailean. Harrezkero, ibilbide oparoa egin du zinema areto zein munduko hainbat jaialditan.
Ia urtebeteko ibilbidea egin du filmak Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian aurkeztu eta publikoaren saria jaso zuenetik. Harrezkero, sari gehiago lortu ditu han-hemen eta errekorrak hautsi ditu Euskal Herriko zinema aretoetan. Nola bizi izan duzu bide hau? Zerekin geratzen zara?
Gauza asko dira! Filmak egitea jada sari bat da, eta horrelako film bat euskaraz eta euskal mitologiaz egin ahal izatea, horixe da saririk handiena. Hasi ginenetik, Sitgesen estreinatu genuenetik, publikoaren harrera oso ederra izan da. Gainera, sari asko irabazi ditu. Baina izugarrizko gozamena izan da jendearen berotasuna, nola filma bere egiten zuen eta nola maite zuen ikustea.
Datuek diotenez historiako film euskaldun takileroena izan da. Oso pozik nago. Harrigarria da zein ondo funtzionatu duen, kontuan izanda gaur egungo egoera eta fantasiazko filma dela, euskaraz egina.
Zergatik hautatu zenuen VIII. mendeko euskara filmerako birsortzea?
Euskal mitologiako istorio bat kontatzeko orduan guztiz argi ikusten nuen euskara izan behar zuela hizkuntza, eta gainera filmari sinesgarritasuna eta textura emateko garai hartako euskara erdi-sortu (hizkuntzalari askorekin hitz egin dugu, dokumentatu eta abar) behar genuela. Garai hartako euskarara hurbiltzen saiatu gara orduko soinuak berreskuratzeko eta publikoa garai hartan murgiltzeko.
Errementari zure lehen filmean ere euskal mitologian kokatu zenuen istorioa. Oraingoan, aldiz, epikotasunetik heldu diozu gaiari.
Betidanik eduki dut euskal mitologiarekiko maitasuna eta istorioak kontatzen ditudanetik, eta, batik bat, film labur zein luzeak egiten hasi nintzenetik, beti neukan buruan euskal mitologiako film handi bat egin nahi nuela, berez daukan handitasun epiko hori aurkezteko. Erdi Aroko garai mitikoan kokatuta, gainera.
90eko hamarkadan irakurri nuen “El ciclo de Irati” komikia eta bertan agertzen ziren filmeko pertsonaiak, Eneko Aritza eta Irati, erdi-lamia. Gaztetxoentzako komikia zen, fantasia handikoa, belgiar estiloko komikien irudi antzekoak zituena. Niri iruditu zitzaidan bi pertsonaia eta bi mundu horiei buruz hitz egiteko, eurek gorpuzten duten dualismoaz hitz egiteko (kristautasuna/paganismoa, gizonezkoa/emakumezkoa, terrenala/ izpirituala…) oso pertsonaia boteretsuak zirela. Komikiaren egileekin hitz egin nuen eta esan nien adaptazio libre bat egin nahi nuela. Ondo iruditu zitzaien eta lanean hasi nintzen askatasun osoz. Orreagako guduaren ondoren kokatu nuen kontakizuna eta, mitologiari dagokionez, euskal panteoiko irudirik inportanteena aukeratu nuen, Mari jainkosa, hausnarketa antropologikoa ere bultzatzeko.
Luxuzko aktore taldea lortu zenuen horretarako.
Euskal Herrian aktore bikainak dauzkagu. Eneko Sagardoyk Eneko Aritzarena egingo zuela argi neukan, bere presentziagatik eta sekulako indarra duelako. Itziar Ituño aproposena zen Marirena egiteko. Eta Edurne Azkaratek erabat txundituta utzi ninduen, lehendabiziko probatik; pertsonaiak behar zuen indar eta energia animalia hori zuen. Gozamena izan da, oro har.
Nola sentitzen zara filma Zinemaldian erakusteko aukeraren aurrean?
Guretzako filmaren zikloaren amaiera bikaina da Euskal Herriko Zinemaldian egotea. Mundu osoan bira eman ostean hemen lagun artean berriro filma pantaila handian ikustea gozamena da, bidea amaitzeko.
Irene Elortza Gereño