"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
1963an Gakushuingo Unibertsitatean Zientzia Politikoetan eta Ekonomian graduatu ondoren, Hayao Miyazaki (Tokio, 1941) Toei animazio-konpainian sartu zen animatzaile gisa lan egitera. Isao Takahatak zuzenduta egin zuen lan Miyazakik eszenen eta gako-animazioaren plangintzan, Taiyo no oji: Horusu no daiboken (The Great Adventure of Horus, Prince of the Sun, 1968) filmaren ekoizpenerako. 1971n A Production animazio-estudiora aldatu zen, Takahatarekin batera, eta Panda Kopanda (1972) filmaren jatorrizko kontzeptuan, gidoian, layoutaren diseinuan eta gako-animazioan egin zuen lan hor. Miyazakik hainbat estudiotan egin zuen lan, hala nola Zuiyo Eizon (Takahatarekin), Nippon Animationen eta Telecomen, eta Arupusu no shojo Haiji (Heidi, Girl of the Alps, 1974) eta Haha wo tazunete sanzenri (From the Apennines to the Andes, 1976) telesailetarako eszena-plangintza eta layoutaren diseinua gauzatu zituen. Halaber, bere lehen telesaila garai hartan zuzendu zuen: Mirai shonen Konan (Conan, the Boy in Future, 1978).
Rupan sansei: Kariosutoro no shiro (The Castle of Cagliostro, 1979) izan zen bere lehen film luzea. 1984n, Kaze no tani no Naushika (Nausicaä of the Valley of the Wind) idatzi eta zuzendu zuen (Animage animazio-hilabetekarian serializatutako bere eleberri grafiko jatorrizkoan oinarritua).
Miyazakik Takahatarekin batera fundatu zuen Studio Ghibli 1985ean, eta hamar film luze zuzendu ditu harrez geroztik, hala nola Tenku no shiro Rapyuta (Laputa: Castle in the Sky, 1986) Tonari no Totoro (My Neighbor Totoro, 1988), Kurenai no buta (Porco Rosso, 1992) eta Mononoke hime (Princess Mononoke, 1997). Sen to Chihiro no kamikakushi (El viaje de Chihiro, Velódromo, 2001). Sen to Chihiro no kamikakushi (Spirited Away, Belodromoa, 2001) filmak salmenta-errekor guztiak gainditu zituen Japonian, sari ugari beretzeaz gain, hala nola Urrezko Hartza Berlinen eta animaziozko film onenaren Oscar Saria. Hauru no ugoku shiro (Howl's Moving Castle, 2004) pelikularekin berriz ere izendatu zuten Oscarrerako eta Urrezko Osella jaso zuen Venezian bere lorpen tekniko guztiengatik. 2008an Gake no ue no Ponyo (Ponyo, 2009) idatzi eta zuzendu zuen, eta Veneziako lehiaketara itzuli zen lan horrekin. Horren ondoren, film hauen plangintzan lagundu zuen, gidoiak idazteaz gain: Hiromasa Yonebayashiren Kari-Gurashi no Arrietty (The Secret World of Arrietty, 2010) eta Goro Miyazakiren Kokuriko-zaka kara (From Up on Poppy Hill, 2011). 2013an Kaze tachinu (The Wind Rises, Perlak) zuzendu zuen (Venezian lehiatu eta animazio-film onenaren Oscar Sarirako izendatua izan zen).
2014ko azaroan, Zinemako Arte eta Zientzien Akademiako Gobernadoreen Batzordeak ohorezko Oscar sari bat eman zion bere ibilbide osoagatik. Bere azken filma, Kimitachi wa do ikiru ka (The Boy and the Heron), 2023ko uztailaren 14an estreinatu zen Japonian, Torontoko Jaialdian aurkeztu zen eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofiziala lehiaz kanpo inauguratuko du (Europako estreinaldia izango da).
Miyazakik saiakera-, marrazki- eta poema-liburuak argitaratu ditu, besteak beste, Shuppatsuten 1979-1996. Hainbat eraikin diseinatu ditu, hala nola Mitakako Ghibli Museoa, 2001ean inauguratu zena (haren ohorezko zuzendari exekutiboa ere bada). 2012an "Merezimendu Kulturaleko Pertsona" izendatu zuen Miyazaki Japoniako Gobernuak. 2014an Will Eisner Komiki Sarietako Ospearen Aretoan sartu zen.