"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Epaimahaikideei egiten ohi zaien “Zinemaldian izan al zara inoiz?” galdera lagungarriak jai du New Directors epaimahaiaren presidente Emily Morganekin, ekoizle londrestarra behin baino gehiagotan egon baita Donostiako jaialdian. Esate baterako, 2020ko edizioan, zeinean Harry Macqueenen Supernova Sail Ofizialean aurkeztu baitzuen, Colin Firth eta Stanley Tucci aktoreak izanik rol nagusietan.
Oraingoan, zinemagile berrien lanak epaitzera etorri da, eta bide batez, atal honetan ugari diren talentu berrien kalan “amua botatzera”, irribarre egiten du. Zentzu horretan, ekoizleak dio “mundu zabaleko film egitasmo interesgarri eta ausartak bilatzen dituela Hollywoodeko industriaren inguruan garatzen direnak baino”.
Aniztasunarekiko joera hori gaztetatik datorkiola aitortzen du: “Nire ibilbidearen hasieratik Erresuma Batutik ihes egin nahi izan dut eta munduko kultura ezberdinetan murgilduz gauza berriak esperimentatu. Gazte-gaztetatik obsesionatuta egon naiz bidaiatzearekin, beraz, naturala izan da nire produkzio-ibilbidea nazioartean garatzea eta nirea ez den beste kultura batzuekin lan egiteko modua bilatzea”.
Emily Morganek BAFTA eta BIFA sariak jaso ditu, eta hainbat proiektutan lan egiten du Quiddity Films etxearen bidez, mundu osoko pertsonekin lankidetzan. Quiddity Films taldearen ekoizpenik berriena Felipe Gálvez zuzendari txiletarraren The Settlers (Kolonoak) da, Patagonian kokatutako western errebisionista bat. Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean parte hartzen du filmak.
Egia bihurtutako ametsa deritzon pelikula horren ostean, Deborah Levyren “Swimming Home” eleberriaren egokitzapena postprodukzio-fasean du; “oso film bisuala eta aktore bikain askoak” dituela aurreratzen du britainarrak. Justin Andersonek idatzi eta zuzendua da film hori eta Christopher Abbott, Mackenzie Davies, Ariane Labed eta Nadine Labaki dira protagonistak.
Emily Morganek ez ditu filmak bata bestearen atzean ekoizten, alabaina, “sinesten dudan proiektu batean engaiatzen naizenean topera, buru-belarri, sartzen naiz filmaren bilakaeran”, ziurtatzen du. “Jendeak uste duenaren kontra, zinema interes komertzialetik harago egiten dugun ekoizleak bagaude”, argitzen du.
Zinema munduan hasten ari diren zuzendariei zera aholkatuko lieke Morganek: “Ahal duzuen guztia eta aldi guztietan filmatu, eta babestuko eta lagunduko zaituzteten lantaldeak osatu inguruan. Esaterako, eko izle handien bila dabiltzan zuzendari berri asko daude, baina hori erabaki okerra dela iruditzen zait. Nire iritzian, hobe dute beren mailan dauden eko izleengana jotzea; hartara, elkarrekin eboluzionatu ahal izango dute. Zeren pertsona horrek poliki hazteko behar duzun denbora eta energia eskaini ahalko baitizu”.
“Dudarik gabe New Directors saria erabakitzeko eztabaida sutsuak izango dira –aurreikusten du Morganek–, epaimahaiko denak iritzi sendoak baititugu bakoitzarentzat garrantzitsua zer den defendatzeko orduan. Erabakia hartzeak ika-mikak sortuko ditu, baina, halere, talde dinamika polita eraman dugu eta iritziak iritzi besteen irizpideak errespetuz entzun ditugu; uste dut bakoitzaren subjektibotasunak batuta, azkenean zentzu bateratua erdietsiko dugula”.
Sergio Basurko