"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Argentinatik, María Alché eta Benjamín Naisthat zuzendarien eskutik etorri zaigu Sail Ofizialera irribarretik harago umore filosofikora garamatzan Puan izenburuko komedia.
Gogora dezagun bi zuzendarien artean egindako film honek ez dituela nolanahiko egileak, Benjamín Naishtatek zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra lortu baitzuen Donostian Rojo bere hirugarren film luzearekin (aktore onenaren eta argazkigintza onenaren sariak ere jaso zituen filmak); eta María Alchék, bestalde, Horizontes saria irabazi zuen 2018ko Zinemaldian Familia sumergida bere lehen filmarekin.
Bi zuzendariek filosofiaren mundutik gertu daudela aitortu dute filmaren aurkezpenean. María Alché filosofiako ikaslea izan zen Puanen, eta Benjamin Naishtat filosofiako irakasle baten semea da. Mundu horrek erakarri zituen, eta batez ere pertsona horien bizitza nolakoa zen kontatzeak, “irakasleek, mundu abstraktu horretan aritu ostean, eguneroko arazoei egin behar baitiete aurre. Horri heltzeko egokiena komedia zela iruditu zitzaigun eta guk ‘komedia filosofikoa’ deitzen duguna eraiki dugu”, azaldu du María Alchék.
Puan filmean zuzendaritza partekatzea “lan zaila izan da, baina hezitzailea”, onartu du Benjamín Naishtatek. “Mundu guztiak probatu beharko luke, abentura polita eta ikaskuntza zoragarria da”. Hala ere, badakite beren lan egiteko modua ez dela berdina, “niri entseguak oso baliagarriak zaizkit eta Benjaminek beste elementu batzuk jorratzen ditu, horiek konbinatzen joan gara tonu jakin bat bilatu eta unibertso beraren parte bilakatu zitezen”, adierazi du María Alchék.
Pertsonaiak berak ere entsegu horietan eraiki zituztela nabarmendu du, bere aldetik, Subiottok: “Marcelo hiruren artean eraiki dugula sentitzen dut. Nire aldetik, antzezle bezala, beti dago itzulpen ahalegin bat, interpretatu egin behar baitut kanpotik eskatzen zaidana, eta zuzendariekin hartu-emana oso interesgarria izan da”, nabarmendu du. Mara Bastelli aktorearentzat ere interesgarria izan zen “bi begirada desberdin horien sintesia egin beharra”.
Leonardo Sbaragliak erronka handiena pertsonaiaren gaitasunak bere egitea izan dela azaldu du: “Alemaniera ikasi behar izan dut, baita pianoa jo eta frantsesez kantatu ere. Eta Spinoza ikasi behar izan dut! Gauza guztien artean, bi zuzendari hauekin lan egin nahi nuen eta pertsonaia hau interpretatu. Ez zen erraza izan pertsonaiari neurria hartzea, eta oso pozik nago emaitzarekin”, ziurtatu du.
Bi zuzendariak duela lau urte hasi ziren gidoia idazten. Gidoiak estilo komikoa izango zuela argi izan zuten beti. “Ilusioa egiten zigun barrearekin erlazionatzeak. Barrea basatia eta sakona da. Hunkigarria izatea ere nahi genuen, eta azkenean gidoiak bide hori hartu zuen”.
Istorioa Argentinako errealitatera ere hurbiltzen da, kasu honetan irakasleek irakaskuntza publikoa mantentzeko egin duten borrokara. Filma Argentinan eztabaida puri-purian dagoen une batean dator. Benjamín Naishtatek onartu du filma uste ez zuten dimentsioa hartzen ari dela, eta ez zutela erabat kalibratu idazten hasi zirenean. “Duela lau urte, idatzi genuenean, ez genuen imajinatzen Argentinako egungo egoera”. “Ongi etorria izan dadila Hezkuntza publikoaren defentsari oihartzun gehiago emateko balio badu”, amaitu du Nahistatek.
Sergio Basurko