Tabakalerak El sueño de la sultana erakusketa aurkeztu du gaur, Isabel Herguera artista donostiarraren animazioko lehen film luzearen sorkuntza-prozesuan zehar egiten den ibilbide bat. Filma Rokeya Hussain idazle bengalarrak idatzitako izenburu bereko ipuin feministan oinarrituta dago, eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko da aurki. Zinemaldia, gainera, erakusketako kolaboratzailea da.
Mostra berria Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko 2. Erakusketa-aretoan dago ikusgai, eta hainbat sormen-giroz osatuta egongo da, artistaren estudioa bera izango balitz bezala. Izan ere, filmaren zati handi bat sorkuntza artistikoa babestera bideratuta dagoen Tabakalerako Artisten Gunean landu da. Bertan, Isabel Herguerak eta haren taldeak hainbat alditan lan egin dute 2016. urteaz geroztik.
El sueño de la sultana erakusketaren ibilbidea hainbat sormen-gunek osatzen dute. Besteren artean, Isabel Herguerak Indian 2005etik 2017ra egindako marrazkiak ikusteko aukera izango du bisitariak. Garai hartan hasi zen filma imajinatzen eta Indiako hiri handietako zalapartaren eta jendetzaren bitartez giroa eta bizitza mugimenduan atzematen. Akuarelan egindako marrazkiekin batera, soinu-instalazio batek filmeko eszenak gertatzen diren lekuak ekarriko ditu gogora: Kalkuta, New Delhi, edo Ahmedabad. Proiektuak 2013an hartu zuen forma, artistak Indian eman zituen tailer batzuen ondoren, eta ekoizpen-fasean sartu zen duela hiru urte baino gehiago.
Erakusketan, halaber, aldi baterako tatuajeen (mehndi) teknikarekin egindako muralak ikusi ahal izango dira. Teknika hori milaka urte dituen artea da, eta hennarekin lantzen da. Horren bidez, artista batzuek bere buruaren erretratua egiten dute filmaren El país de las mujeres sekuentzian, 1905ean idatzitako Sultana's dream ipuinean Begum Rokeya Hossainek deskribatu zuen utopia feminista, film luzearen motorra izan dena.
Erakusketak animazioko film bat sortzeko prozesuaren fase guztiak islatzen ditu. Adibidez, ideien eta erreferentzien bilketa moodboard tresnaren bidez, gidoi grafikoa edo storyboard izenekoa eta animatika aipa daitezke. Azken horretan, soinua duten hainbat sekuentzia ordenatu eta animatu gaineratu dira.
Isabel Herguerak bere bidaia-koadernoak laga ditu erakusketarako. Koaderno horietan, artistak Marsillianan (Italia), Kolonian (Alemania) eta Donostian igarotako aldien storyboard ugari daude. “Leku guztietara eramaten dut nire koadernoa; zenbaitetan, koadernoa nirekin izate hutsak lasaitu egiten nau. Orrialde horiek zabaltzen ditudanean, etxean sentitzen naiz. Zenbaitetan, bakean nagoenean marrazten dut, baina gehienetan lasaitasunaren bila nabilenean. Marrazteko ekintza pribatua da, baina koadernoa amaituta dagoenean, ez dut nirea denik sentitzen. Nitaz askatu egiten da. Publiko bihurtzen da”, adierazi du artistak.
Txotxongiloek eta kartoi mehe beltzean eta landare-paperean egindako ebakigarri batzuek osatzen dute erakusketa. Bertan, multiplanoaren teknikari esker gainjarriak sortzeko prozedura ikusi ahal izango da. Pelikulatik baztertutako eszenak, testak eta bere garaian El sueño de la sultana sortze prozesuaren parte izan ziren frogak biltzen dituen bideo bat ere erakutsiko da. Gainera, jendeak errealitate areagotuko murgiltze-edukiak izango ditu eskuragarri mugikor edo tablet baten bidez.
Erakusketak jarduera-programa zabala eskainiko du, besteak beste El sueño de la sultana (Sultanaren ametsa) pelikularen filmaketan parte hartu duen taldearen eskutik. Ángel Peris artista bisualak, adibidez, Atlas. Artea paper gainean eta tinta txinatarrarekin tailerra eskainiko du, eta Izibene Oñederra eta Begoña Vicario zinegileek, berriz, animazioko film laburren saio batean parte hartuko dute. Gainera, bisita-solasaldiak, familiarteko arte-saioak, multiplano bat eraikitzeko tailer bat –Laura Ibáñezekin– eta zinema mintzatuko saio bat –Herguerarekin berarekin– egingo dira.
Isabel Herguerak Arte Ederretako ikasketak egin zituen Düsseldorfeko (Alemania) Kunstakademie izenekoan, eta Animazioko ikasketak California Institute of the Arts (Calarts) izenekoan. Los Angelesko hainbat animazio-produkziotan lan egin zuen 2003an Espainiara itzuli aurretik. Itzuli zenean, Animac (Kataluniako Animazioko Zinearen Nazioarteko Erakusketa) zuzendu zuen, eta Artelekuko Mugimenduzko Irudien Laborategiaren (MIL) koordinazioa eta programazioa hartu zituen bere gain.
Hainbat film labur zuzendu eta produzitu ditu, hala nola La gallina ciega (2005), Ámár (2010), Bajo la Almohada (2012), Amore d'inverno (2015) eta Kutxa beltza (2016). 2005. urteaz geroztik, animazioko tailer bat ematen du Ahmedabad-eko (India) Diseinuko Institutu Nazionalean (NID), eta animazioko irakasle gonbidatua da Txinako Arte Ederretako Akademia Nagusian (CAFA), Pekinen (Txina). 2017. urteaz geroztik, animazioko irakasle titularra da Koloniako (Alemania) Kunsthochschule für Medien Köln (KHM) izenekoan .
Duela gutxi erakusketaren jatorria den Sultana's dream film luzea zuzendu du. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko da, eta azaroaren 17an izango dugu zinema-aretoetan.
Irailaren 15etik 2024ko urtarrilaren 7ra.
Asteartetik igandera, 12:00-14:00, 16:00-20:00
2. Erakusketa-aretoa, Tabakalera