"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren inaugurazio-gala, amaierako gala eta Víctor Ericeri Donostia Saria emateko gala Mireia Gabilondo aktore, zuzendari eta gidoigileak zuzenduko ditu, eta Bob Pop idazle eta kritikariak izango du gidoiak idazteko ardura. Eva Hache eta Gorka Otxoa aktoreek aurkeztuko dute inaugurazio-gala eta Hachek berak eta Loreto Mauleón aktoreak, berriz, amaierako gala. Audience musika-taldea izango da gala guztien soinu-bandaren arduradun.
“Zinemak begirada plural, ezohiko eta poliedrikoak eskaintzeko duen gaitasun harrigarria” izango da Zinemaldiaren inaugurazio-galaren argumentu-lerroa, eta animazioak garrantzi nabarmengarria izango du. Mireia Gabilondoren eta Bob Popen hitzetan, “aurtengo edizioan ere, zinemari buruz hitz egingo dugu, gizadiaren bihotzera gerturatzeko baliatzen dugun kirurgia basati, adeitsu, krudel, malenkoniatsu, samur, dibertigarri, polemiko, izugarri eta hunkigarri horretara, hain zuzen”.
Zeremonia 22an (ostirala) gauzatuko da, 20:30ean, Kursaal Auditoriumean, eta zuzenean emango da TVEren La 2 katean, RTVE Play plataforman, ETB1en, eitb.eus plataforman eta Zinemaldiaren webgunean. Amaiera gala kanal beretan emango da, 30ean (larunbata), 21:00etan. Euskal zinemaren gala ETB4n eta eitb.eus-en ikusi ahal izango da26an (asteartean), 19:30ean, eta Víctor Erice-ri Donostia Saria-emate gala, ETB4, eitb.eus, La 2 eta RTVE Playn ikusiko da 29an (ostirala), 22:00etan.
Hayao Miyazakiren Kimitachi wa dô iki ruka / The Boy and the Heron filmaren Europako estreinaldia baino lehen egingo da inaugurazio-gala, non, hainbat ezusteko izateaz gain, Fipresci Sari Nagusia emango baitzaio Aki Kaurismäkiren Kuolleet ledhet / Fallen Leaves filmari.
Galen eszenografiari dagokionez, Cesc Calafell arduradunak azaldu du aurten Art Déco estilora hurbilduko direla “agertokia dotore janzteko, zinemaren munduari eta zinema-ekitaldi askori hainbeste lagundu dien estiloaren bidez”. Calafellen esanetan, LED argizko kaxak eta RGB argizko arkuak “nolabait klasikoa den” izaera garaikideko gune baten parte izango dira.
Inaugurazio-galarako (irailaren 22an, ostirala, 20:30ean) eta amaierako galarako (irailaren 30ean, larunbata, 21:00etan) sarrerak gaur (irailaren 4a) jarriko dira salgai, 10:00etatik aurrera, 80 euroren truke sansebastianfestival.janto.es eta kutxabank-zinemaldi.janto.es webguneetan. Donostia Saria Víctor Ericeri emateko galarako (irailaren 29an, ostirala, 22:00etan) txartelak ere erosi ahalko dira, 20 euroren truke.