Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Center entitateak (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak elkarlanean antolatutako jarduera batean, 6 eta 11 urte bitarteko milaka neska-mutilek zinema eta zientzia uztartzen dituen film baten emanaldiaz gozatuko dute Belodromoan. Oraingo honetan, Ikastetxeak Belodromoan ekimeneko saioek historiaurrera bidaiatzeko eta sumendiak hobeki ezagutzeko aukera emango dute, EAEko ikasleei zientziaren irudi positiboa helarazteko eta Donostia hiriak ikerketa zientifikoarekin duen lotura handia erakusteko.
Belodromoko pantaila erraldoian Boonie Bears: Abentura Historiaurrean (Boonie Bears: Blast Into the Past) filma emango da, Leon Dingek zuzendutako animazio-filma. Euskarara bikoiztuta emango da filma, eta emanaldiarekin batera, sumendien inguruko aurkezpen original eta dibertigarri bat egingo da.
Janire Prudencio Granadako Unibertsitateko bulkanologoa etorriko da Ikastetxeak Belodromoan programaren edizio berri honetara gonbidatu gisa. Prudenciok 20 sumendi aktibotan baino gehiagotan lan egin du, Japoniatik Antartikara, baita Islandiako eta La Palma uharteko azken erupzioetan ere. Horri esker, sumendien fenomenoa oso ondo ezagutzen du. Bere lana sumendien barne-egituraren azterketan eta sumendien erupzioen aitzindariak identifikatzeko adimen artifizialeko tekniken aplikazioan oinarritzen da. Prudencio arduratuko da sumendien artean izandako bizipenak Belodromoko umeekin partekatzeaz.
2019az geroztik, Donostia Zinemaldian programatzen diren eskola-zinemako saioek DIPCren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetza dute. 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago joango dira Belodromoko sei saioetara, goizeko ordutegian, irailaren 22an (ostirala) eta irailaren 25etik (astelehena) 29ra (ostirala).
Zinema hiria, zientzia hiria goiburuarekin, esperientzia didaktikoa eta ikus-entzuleen dibertsioa uztartzen dituen testuinguru batean garatzen da lankidetza hori; iaz, esate baterako, Pepper robotaren presentziarekin asko hunkitu ziren ikus-entzuleak, robotikari buruzko saio bat animatu baitzuen.
Bestalde, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan familientzako sei filmez osaturiko hautaketa bat aurkeztuko da. Zinemaldiaren lehen asteburuan eta bigarren larunbatean, Príncipe zinema-aretoetan Haurrentzako Zinema saileko emanaldiak gauzatuko dira, zehazki, animaziozko bost film eta irudi errealeko film bat, besteak beste. Horiek guztiak euskarara bikoiztuta ikusiko dituzte ikus-entzuleek, Zineuskadiren lankidetzari esker, Zinema Euskaraz programaren barnean.
Ainbo: Amazoniako gerraria (Ainbo: la guerrera del Amazonas / Ainbo: Spirit of the Amazon) Jose Zeladak eta Richard Clausek zuzendutako filma da, Perun ekoitzia. Bere herria gizon zuriaren botere suntsitzailetik salbatzeko bidaia bati egingo dion arkulari gazte baten istorioa kontatzen zaigu filmean.
Max Langek zuzendutako Barraskiloa eta balea eta itsasoko beste ipuin batzuk (The Snail and the Whale) ekoizpen britainiarraren protagonista barraskilo bat da, mundua ezagutzeko irrikan egonik bale-isats baten gainean igoko dena.
Kazuaki Imai japoniarrak zuzendutako Doraemon Movie: Nobitaren dinosaurio berria (Doraemon the Movie: Nobita's New Dinosaur) garai guztietako haurrek gehien maite duten pertsonaietako baten abentura zinematografiko berriaren estreinaldia da Espainian.
Engeli Broberg zinemagile suediarrak Gabi, 8 urtetik 13 urtera (Gabi: Between Ages 8 and 13) zuzendu du, irudi errealeko ez-fikzio bat, bere genero-identitatea berresteko borroka egiten duen pertsona baten haurtzaroa eta eguneroko bizitza dokumentatzen dituena.
Ilargirantz (Moonbound) Alemaniaren eta Austriaren arteko ekoizpena da. Ali Samadi Ahadik zuzendutako film horretan, Pete txikiak Moon Man maltzurraren atzaparretatik erreskatatu beharko du arreba txikia, Zoomzeman Jauna kakalardoarekin eta Sandmanekin batera egingo duen bidaia batean.
Haurrentzako Zinema Superheroien familia (Una familia de superhéroes / Just Super) filmak osatuko du. Bertan, Rasmus A. Sivertsen zuzendari norvegiarrak Hedvigen gorabeherak kontatzen dizkigu; jendea bera ere superherioa izan daitekeela (aita bezalaxe) konbentzitu behar duen neskato bat da Hedvig.
Ikastetxeak Belodromoan
Vick eta hartzak iraganean harrapatuta daude, animalia erraldoiez inguratuta, eta badirudi gauza bakar bat dutela buruan: bazkaria! Gure heroiak banantzen direnean, Briarrek Feifei izeneko otso gazte batekin topo egingo du, zeinak gerlari ausart bihurtzeko asmoa baitu.
Haurrentzako zinema
Moana eta Frozen bezala, Ainbo: Amazoniako gerraria heroi epiko baten zeharkaldia da, Amazoniako herri indigenen bizi-eremuan barrena egiten duena. Mezu ekologista garbia dakar, natura neurriz kanpo ustiatzen dabiltzan horien aurrean. Ainbo txikia Amazoniako oihan sakonean bizi da. Ama galdu ondoren, herrixkako nagusiekin haserretu da arkulari gaztea, eta bidaia bati ekingo dio bere herria gizon zuriaren handinahi suntsitzailetik salbatzeko. Ainbo heroi gazte baten eta bere espiritu gidarien bidaia epikoa da: Dilo, armadilo txiki eta jostalaria, eta Urde, tapir mardula. Elkarrekin ekingo diote bilaketari, Amazoniako oihan zoragarriaren erdian dagoen euren bizilekua salbatzeko. 7 urtetik beherakoentzat gomendagarria ez den filma.
Espiritu geldiezinez eta mundua ezagutzeko gogoz, barraskilo txiki bat itsasoetan zeharreko bidaia batean murgilduko da, xibarta baten isatsean igo ondoren. Baina egun batean, baleak norabidea galdu eta badia isolatu batean amaituko du hondartuta. Nola erreskatatuko du barraskilo txikiak? Itsaspeko munduko lekurik harrigarrienak eta magikoenak zeharkatzea ahalbidetuko digun adiskidetasun gertagaitz bati buruzko istorio polita. Ikusle guztientzat egokia den filma.
Nobita dinosauroen erakusketa batera joan da ikaskideekin eta dinosauro-arrautza baten fosila dirudien harri bat aurkitu du. Doraemonen denboraren zapiarekin, fosila jatorrizko egoerara itzulti eta arrautzatik bi dinosauro biki aterako dira. Ikus-entzule guztientzat egokia den filma.
Gabik Gabi izan nahi du. Desira horrek erraza dirudi, baina ez da hala. Bost urtez jarraituko diogu Gabiri eta generoa kategorizatzen duen gizarte batean bere nia aurkitzeko hark egindako borrokari. 7 urtetik beherakoentzat gomendagarria ez den filma.
Hedgibek 11 urte ditu eta bere aitaren superheroi-mozorroa txikiagotu egin du. Beraz, jada ezin da Super Lehoia izan. Bere bizitza zeharo aldatuko da hiriko superheroiaren rola bere gain hartu eta bere aita ordezkatuz aukera duenean. Ikus-entzule guztientzat egokia den filma.
Peterrek lurralde magiko eta misteriotsu batera bidaiatuko du Anne arreba txikia erreskatatzeko. Ilargiraino joan beharko du! Anne bahitu egin dute bere lagun kakalardo Zoomzeman jaunari emaztea bilatzen laguntzen saiatzen ari zela. Ikus-entzule guztientzat egokia den filma.