Donostia Zinemaldiko 71. edizioko atzerabegirakoan, Hiroshi Teshigahara japoniarrak 1953 eta 1992 bitartean zuzendu zituen hogei titulu —film luzeak, ertainak eta laburrak— erakutsiko dituzte. Zinema klasikoko atzerabegirakoa Euskadiko Filmategiarekin batera antolatua da, Japan Foundation-en eta Etxepare Euskal Instituaren laguntzarekin (Euskadi-Japan 2023 programaren baitan).
Hiroshi Teshigahara (1927-2001) 1960ko hamarkadako zinema japoniarraren ezinbesteko egile bat da, poetika esperimentaleko film sorta bati eta Kobo Abe idazlearekin egin zuen elkarlan luzeari esker. Espainian banatu zen bere film bakarrak oso ondo laburbiltzen du garai hura eta Teshigahararen estiloa: Suna no onna / Woman in the Dunes (1964).
Zikloa osatzeko, Inuhiko Yomotaren Crónicas de vanguardia. Conversaciones con Hiroshi Teshigahara liburua argitaratuko da. Daniel Aguilarrek itzuli du japonieratik gaztelaniara. Liburua Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean editatu da.
Teshigahara Tokion jaio eta hil zen. Lehenengo, Arte Ederrak ikasi zituen eta 1950eko hamarkadaren erdialdean, film labur dokumentalaren eremuan debutatu zuen. Erresistentzia-mugimenduek Bigarren Mundu Gerran erakutsi zituzten mendebaldeko joera zinematografiko guztiak interesatzen zitzaizkion, garbiki neorrealismo italiarra eta garaiko zinema frantsesa, eta Cinema 57 izeneko klub moduko batekoa izan zen. Horretan, askotan zinema-areto komertzialetan ikusten ez ziren dokumentalak ematen zituzten eta horiei buruz eztabaidatzen zuten. Zinema dokumentalarekiko interes argiak eragin handia izan zuen fikziozko film luzeak egitera igaro zenean.
Bere lehen film laburra, Hokusai, 1953koa da eta bere lehen film luzea, Otoshi-ana / The Trap, 1962koa. Bi data horien artean, jada eginak zituzten beren lehen filmak Nagisa Oshimak –Zinemaldiak 2013ko atzerabegirakoa eskaini zion hari–, Seijun Suzukik, Shohei Imamurak, Susumu Hanik, Yoshishige Yoshidak eta Masahiro Shinodak, dena ere uhin berri japoniarraren joera ezberdinen izen adierazgarriak. Teshigaharak rol tangentzialagoa jokatu zuen mugimendu horretan, eta nazioarteko oihartzun txikiagoa izan zuen, Cannesen Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi bazuen ere Suna no onna / Woman in the Dunes filmarekin eta zuzendari onenaren eta ingelesez besteko film onenaren Oscar sarietarako izendatu bazuten ere film horrengatik berarengatik. Dena dela, batera edo bestera, gai eta filmatzeko modu berrien bitartez zinema japoniarra irauli zuen agitazio kontzeptual horren erdigunean egon zen.
Kobo Aberekin elkarlan oparoa egin zuen; hark idatzi zuen, bada, Otoshi-ana / The Trap filmaren gidoia eta Suna no onna, Tanin no kao kao / The Face of Another (1966) eta Moetsukita chizu / The Man Without a Map (1968) filmek oinarri dituzten hiru eleberrien egokitzapenak. Azken hiru horiek zinemagilearen ezinbestek obrak dira. Aberena da, halaber, Ako filmaren gidoia, La fleur de l’âge / Les adolescents (1964) film kolektiboaren kapitulua, Teshigaharak, Jean Rouchek, Michel Braultek eta Gian Vittorio Baldik nerabezaroari buruz egindako lau kontakizun.
Bere azken lanak, Rikyu (1989) eta Go-hime / The Princess Goh (1992), film historikoak izan ziren. Telebistarako ere filmatu zuen eta ez zion inoiz lan dokumentalak egiteari utzi; film labur, ertain eta luzearen formatuak landu zituen. Bi film eskaini zizkion José Torres puertorricar boxeolariari, bat Jean Tinguely eskultore eta margolariari eta bat 1958ko Tokiori. Baina bere dokumental ezagunena Antonio Gaudí (1984) da, kataluniar arkitekto modernistaren irudia eta obra bikain erakusten dituena.
Teshigahara zinemagilea izan zen, baina baita lore apainketaren arte japoniarreko (ikebana) maisua ere. 1980tik hil zen arte, Ikebana Sogetsu eskola zuzendu zuen, haren aitak sortu zuena, eta The Art of Ikebana (1997) liburua argitaratu zuen. Toshiko Kobayashi aktorearekin ezkonduta egon zen eta hura film bakar batean zuzendu zuen: Sama soruja / Summer Soldier.
Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan –irailaren 22tik 30era egingo da–, guztiz ezagutzen ez dugun zuzendari horren filmografia osoa emango da. Bere filmetako bik Zinemaldiaren aurreko edizioetan parte hartu zuten; hain zuzen ere, Suna no onna filmak 1985eko edizioko “Errautsak eta diamanteak” zikloan parte hartu zuten, eta Moetsukita chizu filmak 2008ko edizioko “Japonia beltzean” atzerabegirakoaren barruan parte hartu zuen.
Ukiyo-e delakoen −"mundu flotagarriko pintura" esamoldez deskribatutako grabatuen− maisu Katsushika Hokusairen bizitza eta lana kontatzen digun dokumental labur honekin debutatu zuen zuzendariak. Edo Aroan bizi zen Hokusai, eta pieza ezagun ugari sortu zituen, hala nola Kanagawako olatu handia.
Argazkigintzari buruzko dokumentala. Mundu osoan ezagunak diren hamabi argazkilari japoniarrek parte hartu zuten.
Ikebanaren −lore-konponketaren artearen− bilakaera historikoa eta artistikoa azaltzen duen formatu laburreko dokumentala, loreak beste material batzuekin (altzairua, zura, harria, landareak, etab.) nola nahasten diren nabarmenduta. Sofu Teshigahararen −bere aitaren− lana ere behatzen du, genero hartako eskola garaikide garrantzitsuenaren arduraduna izan baitzen.
Zortzi zuzendari aritu ziren Teshigahararekin lankidetzan 1957ko eta 1958ko Tokio hiria betikotzeko, garai hartako gizarteari buruzko segida dokumental, esperimental eta narratiboak barne hartuta.
New Yorken filmatutako dokumentala, José Torres boxeolari puertorricarraren gaztaroari buruzkoa; hiru urte lehenago Melbourneko Joko Olinpikoetan zilarrezko domina irabazi zuena. 1965ean filmak jarraipena izan zuen, Hozee Tooresu.
Gizon bat noraezean dabil, bere seme txikiarekin batera, Kitakyushuko meatze-gunean lan bila. Alabaina, hainbat krimen gertatu dira bertan, eta eraildako pertsonak kontakizunean parte hartzen duten espektro bihurtuko dira. Mamu-herri batera iritsiko da protagonista; denda txiki bat duen emakume bat baino ez da bizi hor. Teshigahararen fikziozko lehen filma eta Kôbô Abe idazlearekin lankidetzan sortutako lehen obra.
Zuzendariak bere aita Sofu Teshigahararen sormen-prozesuak hilezkortu zituen berriro bere kamerarekin. Oraingoan, eskulturak sortzeko prozesua filmatu zuen, piezak erakusketa handi baterako prestatzen ari zela.
Entomologo bat intsektuen bila dabil hareazko basamortu batean. Zulo handi baten barneko etxe zahar batean harrapatuta geratuko da, emakume batekin. Harreman tirabiratsua finkatuko dute elkarrekin. Zinemagileari nazioarteko ospea eman zion film hau Kobo Aberekin lankidetzan sortutako obrarik garrantzitsuena da.
La fleur de l’âge / Les adolescents film kolektiboaren ataletako bat. Film horretan, lau zinemagilek nerabezaroaren beste hainbeste deskribapen egin zituzten. Film laburrak Ako 16 urteko neska japoniar baten bizitzako egun bat kontatzen digu: etxean, lan egiten duen okindegian eta lagunekin bolatokian, jolas-parkean edo autoan.
José Torres boxeolariari buruzko dokumental zabalaren bigarren atalak bi ardatz ditu: batetik, ama eta emaztegaiarekiko harremanak; eta bestetik, Willie Pastrano estatubatuarraren aurkako borrokaldirako prestaketa eta entrenamendua, 1965eko pisu astunen munduko txapelketarako.
Zientzialari bat konbentzituta dago arima larruazalean dagoela eta istripu baten ondorioz bere izatea bere aurpegi desitxuratuaren ezaugarriekin batera desagertu dela. Maskara batez estaltzeko ideiarekin obsesionatuko da, munduarekiko loturatzat jotzen duen beste ni bat izango balitz bezala, itxaropenari eutsi nahian.
Automobilismoari buruzko dokumentala.
Detektibe pribatu batek lan egiten duen agentziako bezero baten senar desagertua aurkitzeko enkargua jaso du. Ikerketa gero eta gehiago nahasiko da, eta, prozesuan, bere bizitza zentzua galtzen ari dela pentsatzen hasiko da.
John Nathan gidoigile estatubatuarrak idatzitako film honetan, protagonista Japonian baimen batekin dagoela Vietnamgo gerratik desertatuko duen soldadu estatubatuarra da. Japonian, euren interesetarako erabili nahi duten beste desertore eta politikari batzuekin harremanetan jarriko da.
Teshigaharak Zato-Ichi masajista itsuari (Shintarô Katsu izarrak antzeztua) buruzko telesail ezagunerako zuzendutako bi ataletatik lehena. Ezaugarri ibiltariak dituen kontakizuna, Zato-Ichik bide eta hirietan zehar egindako bidaia ardatz duena.
Teshigaharak Zatô-Ichi telesailerako zuzendutako bi ataletako bigarrena. Saileko azkena izan zen. Aurreko atalaren ereduari jarraitzen dio, eta pertsonaiaren bidaiak eta erredentzio-irrikak erakusten dizkigu.
Jean Tinguely eskultore suitzarrak 1963an Tokion egin zuen erakusketa osatuko zuten pieza mekaniko esperimentalak sortzeko, prestatzeko eta eraikitzeko prozesua dokumentatzen du film labur honek.
Japoniarraren lan dokumental ezagunena, Antoni Gaudí arkitekto modernista katalana ardatz duena. Isidre Puig i Boada arkitektoaren lankidetza izan zuen film hau funtsezkoa izango litzateke Familia Santuaren sortzailearen lanak Japonian pizten jarraitzen duen interes eta mirespenerako.
Monoyama aroan (XVI. mendea), Rikyuk te-zeremoniaren maisu gisa egiten du lan eta Txina eta Korea inbadituz inperio japoniarra goratzeko obsesionatuta dagoen daimyô harroaren konfiantzazko gizona da. Rikyû bere jaunaren megalomania-desioen aurka dago.
Garai iskanbilatsuari buruzko bigarren filmak bi pertsonatan ipintzen du arreta: batetik, Furuta Oribe zeramika-maisua, Rikyuren ikaslea eta, hura bezala, seppuku erritoaren bidez bere buruaz beste egitera behartua; bestetik Goh printzesa gazte eta kementsua, lord erbesteratu batekin ezkondua.