Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetan, Belodromoak El otro lado eta Esta ambición desmedida telesailen estreinaldiak hartuko ditu, baita Go!azen telesailaren denboraldi berriaren aurkezpena ere. Belodromoa Zinemaldiko aretorik handiena da, ia 3.000 ikus-entzulerentzako lekua eta 400 metro koadroko pantaila bat baititu.
Igandean (hilak 24), 17:00etan, El otro lado / The Other Side estreinatuko da, Movistar Plus+ taldearen jatorrizko telesail berria, sei atalez osatua, Javier Ruiz Calderak (Viladecans, 1976) eta Alberto de Torok (Bartzelona, 1972) zuzendua eta Berto Romerok (Cardona, 1974) sortua (halaber, Romero da idazleetako bat eta protagonista nagusia). Telebistako komiko ospetsua, Mira lo que has hecho eta beste zenbait telesailen egilea, beldurrezko generoan murgilduko da lehendabizikoz Nachoren istorioarekin. Nacho paranormalean espezializatutako kazetaria da, eta egoera profesional eta pertsonal txarra bizi du. Emanaldira etorriko direla berretsi dute Berto Romerok berak, telesailaren zuzendariek eta antzezleetako askok: Andreu Buenafuente, Nacho Vigalondo, Eva Ugarte eta María Botto.
Ostegunean (hilaren 28a), 19:30ean, Esta ambición desmedida / This Excessive Ambition telesailaren txanda izango da. Santos Bacanak (Madril, 1991), Cris Trenasek (Madril, 1987) eta Rogelio Gonzálezek (Madril, 1991) zuzendua, hiru zati ditu, C. Tanganaren Sin cantar ni afinar musika-bira sortu eta abian jartzeko prozesua aprobetxatzen dutenak artistaren sorkuntza-bidaia pertsonala esploratzeko. Telesailaren estreinaldian abeslari madrildarra eta proiektu dokumentalaren sortzaileak izango dira.
Azkenik, ostiralean, (hilak 29) 18:30ean, Go!azen telesailaren hamargarren denboraldiko lehen atala aurkeztuko da Belodromoan, baita taldeko kide berriak ere; izan ere, emanaldia hasi aurretik ikuskizun bat eskainiko dute kide berriek. Jabi Elortegik (Bermeo, 1969) eta Itziar Gómezek (Errenteria, 1964) zuzendutako gazteentzako programa da eta ETBn eman diren bederatzi denboraldietan arrakasta handia izan du telesailak. Zorroztasun handiz zuzendutako udaleku bateko gazte talde baten bizipenak kontatzen ditu, musikaren medioz.
Hiru telesail horien emanaldiez gain, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatutako Kontzertua & Proiekzioa ere izango da Belodromoan, hilaren 23an (larunbata), 12:00etan. Ikuskizunak soinu-banden interpretazio sinfonikoa eta horiek inspiratu zituzten filmen eszenen muntaketa batzen ditu. Sarrera doakoa da, baina dagokion gonbidapena jaso beharko da. Gonbidapena irailaren 16tik 22ra egongo da eskuragarri Donostia Zinemaldiak Kursaalen duen informazio gunean, bai eta Donostia Turismoko bulegoan eta kontzertuaren egunean Belodromoan bertan ere.
Azkenik, ohi bezala, Zinemaldiaren amaiera-ekitaldia emango da. Ekitaldia 18:45ean hasiko da Bâtiment 5 / Les indésirables filmaren emanaldiarekin (film hori izango da, izan ere, Perlak sailari amaiera emango diona), eta 71. edizioko sari-banaketaren emanaldiarekin jarraituko du. Saioari amaiera emateko, Dance First emango da, Sail Ofizialari amaiera emango dion pelikula, hain zuzen; gainera, filmaren lantaldeak aurkezpen bat egingo du.
Belodromoko emanaldietarako sarrerek 8,50 euroko prezioa dute, Zinemaldiaren amaierako ekitaldikoek izan ezik (15 €), eta abuztuaren 30etik aurrera erosi ahal izango dira (ordua: 10:00), Zinemaldiko webgunearen (https://sansebastianfestival.janto.es) eta Kutxabanken (https://kutxabank-zinemaldi.janto.es) bitartez. Saio bakoitzeko lau sarrera baino ezin dira erosi, eta erosketa bakar batean hamar sarrera edo gehiago erosiz gero, % 25eko deskontua aplikatuko da.
Nacho Nieto, fenomeno paranormaletan espezializatutako kazetaria, bere bizitzako une profesional eta pertsonal txarrenean dago. Bere buruaz beste egiteko ahaleginak huts egin ondoren, bere mentore izandako Estrada doktorearen mamuak lagunduta biziko da. Estrada, misterioei buruzko komunikatzaile mitikoa, duela 20 urte baino gehiago hil zen.
El Madrileño diskoaren arrakastaren ondoren, C. Tanganak bere ibilbideko birarik handinahiena sortzeko eta zuzenekoaren kontzeptua iraultzeko erronkari aurre egin beharko dio. Artistaren atzetik egindako lau urtetik gorako bidaia da. Kuban diskoa sortu zuen garaitik abiatuz, beste hainbat alderdi biltzen ditu: show-a kontzeptualizazioa, negoziazioen gogortasuna, entseguak, elkarrizketa deserosoak, ospakizun intimoenak eta Espainia eta Latinoamerika osoan emandako kontzertuen zurrunbiloa.
Telebistarako film moduan jaio bazen ere, jada 10 denboraldi beteko ditu aurten Go!azen telesailak. Euskal Herrian ekoiztu den lehen telesail musikalak, Basakabi kanpalekuko udara berri bat erakusten du denboraldi bakoitzean, egungo eta betiko euskal abesti ezagunen bertsioak eskainiz. Aurtengoa ere, umorez eta abenturaz beteriko denboraldia izango da. Hamargarren denboraldiko lehen atalaren aurkezpena.