Sei film sartu dira Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko hautagaien zerrendan. Sail Ofizialean, The Assistant (Kitty Green), Holiday (Isabella Eklöf), Jusqu’à la garde (Xavier Legrand), Complicity (Kei Chika-Ura) eta Apples (Christos Nikou) filmen zuzendarien film berriak bildu dira, baita Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang egileen lehen filma ere, A Journey in Spring. Gainera, Thomas Liltik zuzendutako Un métier sérieux / A Real Job ekoizpen frantziarra emanaldi berezietako bat izango da.
Chung Xing / A Journey in Spring Tzu-Hui Peng (Taichung, Taiwan. 1989) eta Ping-Wen Wang (Taipei, Taiwan. 1987) zinemagileen lehen film luzea da. Taiwango ekoizpen honetako protagonista emaztea hil zaion eta doluari aurre egin beharko dion gizon bat da.
Telluriden, Toronton eta Venezian hautatutako Apples txalotuaren ondoren, Christos Nikou (Atenas, 1984) zuzendariak Jessie Buckley, Riz Ahmed, Jeremy Allen White, Luke Wilson eta Annie Murphy interpreteen lankidetza izan du bere bigarren filmerako (ingelesezko lehena). Bikoteen maitasuna egiazkoa ote den testatzeko erakunde bati buruz hausnartzen duen drama erromantikoa da Fingernails.
Kei Chika-Ura errealizadore japoniarraren lehen film luzea, Complicity, Berlinalean hautatua izan zen eta kritika gaztearen saria irabazi zuen CinemAsia jaialdian. Chika-uraren bigarren filma Great Absence izan zen, eta bertan, aktore gazte bat aitarekin harremanetan jarriko da berriro, bigarren emaztea desagertu ondoren.
Isabella Eklöfek (Storholmen, Suedia. 1978) Holiday (2018) zuzendu zuen, Sundance-n hautatua eta Austin-en saritua. Suediarrak Borger filmaren gidoia (2018) idatzi zuen Ali Abbasi zuzendariarekin (Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard saria irabazi zuen film horrek). Kalak, zinemagileak zuzendutako bigarren filma, Groenlandiara bizitzera joaten den erizain daniar bati buruzkoa da.
Xavier Legrand (Melun, Frantzia. 1979) Donostia Zinemaldira itzuliko da Jusqu'à la garde / Custody (2017) filmaren arrakastaren ondoren. Veneziako zinema-jaialdian zuzendari onenaren sariaren eta Donostia Zinemaldian Publikoaren Sariaren eta RTVE-Beste Begirada sariaren (Donostia) irabazlea izan zen film hori, film eta gidoi onenaren César sariak irabazteaz gainera. Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko da, oraingoan, Le successeur / The Successor lanarekin. Aita hil ondoren, familia-etxean sekretu izugarri bat aurkituko duen diseinatzaile baten istorioa kontatzen digu zuzendariak bere lan berrian.
Kitty Greenen (Melbourne, Australia. 1984) bigarren filma ere espero da; australiarrak Julia Garner aktorearen lankidetzara jo du oraingoan ere; izan ere, The Assistant (2019) ezagunerako protagonista nagusia izan zen Garner, eta Deauvilleko jaialdiaren eta New Yorkeko kritikarien elkartearen sariak lortu zituen filmak. The Royal Hotel pelikulak Australiako pub urrun batean enplegu bat onartuko duten bi motxileroren (Garner eta Jessica Henwick) istorioa kontatzen digu.
Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko diren filmez gain, Zinemaldiak Sail Ofizialeko emanaldi berezi bat ere egingo du: Thomas Liltik (La Celle-Saint-Cloud, Frantzia. 1976) zuzendutako Un métier sérieux / A Real Job, hain zuzen. Hippocrate / Hippocrates: Diary of a French Doctor filmaren zuzendariak François Cluzet, Adèle Exarchopoulos eta Vincent Lacoste interpreteak izan ditu Frantziako eskola bateko eguneroko bizitza deskribatzeko.
Iragarki hau jada jakinarazi diren Urrezko Maskorrerako hamar hautagaien zerrendari gehitzen zaio: María Alché eta Benjamín Naishtat, Jaione Camborda, Robin Campillo, Isabel Coixet, Isabel Herguera, Raven Jackson, Joachim Lafosse, Noah Pritzker, Cristi Puiu eta Martín Rejtman. Halaber, hauek lehiaketaz kanpo programatu dira: La Mesías telesaila (Javier Ambrossi eta Javier Calvo); They Shot the Piano Player (Fernando Trueba eta Javier Mariscal) filmaren emanaldi berezia; Hayao Miyazakik 71. edizioa inauguratuko du Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy And The Heron filmarekin eta James Marshek, berriz, amaiera emango dio Dance First pelikularekin.
Agure herren bat, Khim-Hok, bere emaztearen mende egon da urteetan zehar. Taipeiko hiri-inguruko etxe zahar batean bizi dira. Emaztearen bat-bateko hil eta Khim-Hokek izozkailu zahar batean jarriko du gorpua. Lasaia dirudien bizitzari ekingo dio, baina semea (urte asko eman dituzte elkarrengandik urrun) eta haren bikotekide berria bat-batean agertuko dira. Horrenbestez, Khim-Hokek emaztearen heriotzari aurre egin behar dio azkenean.
Annak eta Ryanek benetako maitasuna aurkitu dute. Teknologia berri baina eztabaidagarri batek erakutsi die hala dela. Arazo bakar bat dago: Anna oraindik ez dago ziur. Orduan, maitasuna ebaluatzeko institutu batean postu bat onartu eta Amir ezagutuko du hor.
Takashi aktorea bere aita Yohjirengandik aldenduta egon da hura −unibertsitate-irakasle erretiratu bat− duela 20 urte Takashiren amarengandik iskanbilaz dibortziatu eta familia hautsi zenez geroztik. Ia ez dute harremanik, baina egun batean poliziak dei egingo dio Takashiri, Yohji −dementzia duena− bisitatzera joateko eskatuz, Japonia hegoaldean duen etxera. Iristean, Yohjiren bigarren emaztea −Naomi− desagertu egin dela jakitean, non dagoen galdetuko dio aitari Takashik, eta bere buruaz beste egin zuela erantzungo dio Yohjik. Aita zenbateraino dagoen zuzen deskubritu beharko du Takashik.
Janek bere buruarengandik ihes egingo du, aitak sexualki eraso baitio. Groenlandian bizi da bere familia txikiarekin, baina kultura ireki eta kolektibistaren parte izateko irrikan dago, kalak ("groenlandiar zikin") bihurtzeko.
Ellias Barnès, 30 urteko gizona, Parisko moda-etxe ospetsu bateko zuzendari artistiko izendatu berri dute. Alabaina, bularrean mina sentitzen hasiko da, itxaropenak handiak baitira. Halako batean, Montrealera itzultzeko deituko diote aitaren hileta antolatzeko. Aita-semeak aldenduta zauden elkarrengandik. Ellias ohartuko da agian bihotz ahul bat baino askoz okerragoa den zerbait heredatu duela aitarengandik.
Hanna eta Liv, bi lagun estatubatuar, motxilero gisa ari dira bidaiatzen Australian. Dirurik gabe geratu ondoren, Livek, abentura baten bila, The Royal Hotel izeneko pub batean (outbackeko meatze-herri urrun batean) aldi baterako zerbitzari-lan bat onartzeko konbentzituko du Hanna. Tabernako jabe Billyk eta hango pertsona talde batek Australiako alkoholaren kulturari buruzko sarrera zoro bat eskainiko diete, baina egoera kezkagarri batean harrapatuko dituzte laster Hanna eta Liv eta berehala galduko dute kontrola.
Ikasturte berri bat hasi da. Benjamin bekarik gabeko doktorego-ikaslea da eta, etorkizun iluna ikusten duenez, Parisko institutu batean irakasle-lanpostu bat onartu du. Gaikuntzarik eta esperientziarik gabe, ikusiko du zein gogorra den irakasle-lanbidea, baliabide-falta kronikoa duen hezkuntza-sistema batean. Gainerako irakasleen babesa eta konpromisoa izanik, eta zorte pixka batekin, bere bokazioa birplanteatuko du.