Aki Kaurismäkik zuzendutako Kuollet lehdet / Fallen Leaves pelikulak FIPRESCI Sari Nagusia lortu du Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek 2023ko film onena izendatu ostean. Mundu osoko 669 kritikarik parte hartu dute bozketan, eta 2022ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artetik hautatu dute Finlandia eta Alemaniaren ekoizpen hori.
Beste bi finalistak hauek izan dira: Martin McDonaghen The Banshees of Inisherin eta Todd Fielden Tár; biak Veneziako zinema-jaialdiaren 2022ko edizioan estreinatu ziren eta gizonezko aktore onenaren Volpi Kopa (Colin Farrell) eta emakumezko aktore onenaren Volpi Kopa (Cate Blanchett) beretu zituzten bertan, hurrenez hurren.
Kuolleet lehdet / Fallen Leaves Cannesko zinema-jaialdiaren aurreko edizioan estreinatu eta Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen. Nazioarteko kritikak Kaurismäkiri aintzatespen hori eman dion hirugarren aldia da, 2017an Toivo tuolla puolen / The Other Side of Hope bere filmari eman baitzioten eta 2002an Mies vailla menneisyytä / The Man Without a Past (Un hombre sin pasado) filmari.
1999an sortu zenetik, FIPRESCI Sari Nagusia honako zinemagile hauek jaso dute, besteak beste: Maren Ade, Pedro Almodóvar, Paul Thomas Anderson, Alfonso Cuarón Jean-Luc Godard, Ryûsuke Hamaguchi, Michael Haneke, Richard Linklater, George Miller eta Chloé Zhao.
FIPRESCI Sari Nagusia irailaren 22an entregatuko da, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren inaugurazio-galan. Halaber, eta jada jakinarazi den bezala, Kuolleet lehdet / Fallen Leaves Perlak sailaren parte ere izango da.
Fallen Leaves abenduaren 29an estreinatuko da Espainian Avalonen eskutik.
Helsinkiko gauean kasualitatez topo egingo duten bi pertsona bakartiren istorioa. Beren bizitzako lehen eta azken maitasuna −maitasun bakarra− aurkitu nahi dute. Alabaina, xede ohoretsu horretarako bidea lausotu egingo dute gizonaren alkoholismoak, telefono-zenbaki galduek eta bizitzak zorionaren bila daudenen bidean oztopoak jartzeko duen joera orokorrak.