Dance First –James Marsh errealizadore britainiarrak Samuel Becketten inguruan egindako filma– izango da Donostia Zinemaldiaren 71. edizioari amaiera emango dion lana. Lehiaz kanpo Sail Ofizialari giltza emango dion filmak Gabriel Byrne eta Sandrine Bonnaire ditu protagonista.
Marshek (Truro, Erresuma Batua. 1963) dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen Simon Chinnekin batera zuzendutako Man on Wire (2009) filmarekin, eta Bafta sarietan, Sundance jaialdian eta Donostia Zinemaldian ere sariak beretu izan ditu. The King (2005), Shadow Dancer (2012) eta The Theory of Everything (2014) filmen zuzendariak Wisconsin Death Trip aurkeztu zuen 1999an Perlak sailean; Fipresci Sariaren aipamen berezia jaso zuen film horrek.
Gabriel Byrne film ugariren protagonista izan da bere ibilbide luzean, hala nola hauetan: The Usual Suspects (Bryan Singer, 1995), Miller's Crossing (Joel Coen, Zilarrezko Maskorra 1990), Le capital / Capital (Costa Gavras, Sail Ofiziala 2012) eta Hereditary (Ari Aster, 2018); halaber, Golden Globe Award bat irabazi zuen In Treatment (2009) telesailean egindako lanagatik. Dance First filmean, Samuel Beckett idazle irlandarraren rola egin du Byrnek. Beckett emaztearen rola, berriz, Sandrine Bonnairek egin du; Bonnairek bi César sari beretu ditu bere ibilbidean, horietako bat etorkizun handiko emakumezko aktore onenarena À nos amours (Maurice Pialat 1984) filmagatik, eta bestea, emakumezko aktore onenarena Sans toit ni loi (Agnès Varda, 1986) filmagatik, bai eta Volpi Kopa bat ere Veneziako Mostran La cérémonie (Claude Chabrol, 1995) filmean egindako lanagatik (Isabelle Huppertekin partekatu zuen saria).
Dance First filmak En attendant Godot (Godoten esperoan) antzezlanaren egileak zuen goiburutik («Dantzatu lehenik, pentsatu gero») hartzen du izenburua; hala, Nobel saria irabazi zuen irlandarraren bizitza guztietarako hurbilketa bat da pelikula: bon vivant paristarra, Erresistentziako borrokalaria II. Mundu Gerran, absurdoaren antzerkiko funtsezko figura, James Joyceren laguna, etab.
Klausura-galarako sarrerak irailaren 4an jarriko dira salgai.
Samuel Beckett literatura-jeinuak alderdi askotako bizitza bizi izan zuen: bon vivant paristarra, Erresistentziako borrokalaria Bigarren Mundu Gerran, Nobel Saria irabazi zuen antzerkigilea, senar emakumezalea, ermitaua. Baina jaso zituen lausengu guztiak gorabehera, bere ahuleziez erabat jakitun zen Beckett. Egilearen ethos ospetsuaren araberako ("Dantzatu lehenik, pentsatu gero") izenburua duen filmak XX. mendeko ikono horren bizitzaren berri ematen digu.