Víctor Erice zinemagileak (Karrantza, Bizkaia. 1940) Donostia Saria jasoko du Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan. Saria banatzeko gala irailaren 29an (ostirala), izango da Victoria Eugenia Antzokian, non zinemagilearen azken filma −Cerrar los ojos / Close Your Eyes− emango baita. Zuzendariaren bakarkako lehen film luzeari −El espíritu de la colmena− Urrezko Maskorra eman eta 50 urtera.
Zinemaldiak duela sei urte eman zion hasiera Donostia Sarien ildo berri bati, arte zinematografikoari ekarpen eztabaidaezina egin dioten zinemagileekin lotuta, hala nola hauekin: Agnès Varda (2017), Hirokazu Kore-eda (2018), Costa-Gavras (2019) eta David Cronenberg (2022). 2023an Donostia Zinemaldiak ohorezko golardo garrantzitsuenarekin omenduko duen zinemagileak lau film luze baino ez ditu zuzendu baina sari ugari eman dizkiote, hala nola zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra, film onenaren Urrezko Maskorra eta Cannesko zinema-jaialdiko Epaimahaiaren eta Nazioarteko Kritikaren Sariak.
Victor Ericeren ibilbideak beti izan du oihartzun handia Donostia Zinemaldian. Zuzendu zuen lehen filma, Los desafíos (1969) –zehazki, film horren hiru ataletako bat filmatu zuen; besteak José Luis Egea eta Claudio Guerín izan ziren– Sail Ofizialean hautatu zen eta zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen Ericek lan horrengatik. Lau urte geroago, bere bakarkako lehen film luzea iritsi zitzaigun, El espíritu de la colmena / The Spirit of Beehive (1973), eta Urrezko Maskorra beretu zuen karrantzarrak horri esker. El sol del membrillo / Dream of Light (1992) Made in Spain sailean hautatu zen, Cannesen Epaimahaiaren eta Nazioarteko Kritikaren Saria jaso ondoren, eta Ten Minutes Older: The Trumpet film kolektiboak Zabaltegi sailean parte hartu zuen 2002an.
Azkenik, Zinemaldian Cerrar los ojos emango da, Cannesko eta Torontoko jaialdietatik igaro ondoren, amaitu gabeko film baten eta aktore baten desagerpen misteriotsuaren inguruan irundako oroimenari buruzko filma, hain zuzen, Donostia Saria entregatzeko galaren ondoren emango dena. Ana Torrent aktoreak El espíritu de la colmena filmaren protagonista-rola egin zuen sei urte zituela, berriz egin du lan Ericerekin Cerrar los ojos filmean, eta errealizadoreari saria entregatzeko eginkizuna izango du. Donostia Saria entregatuko den egunean bertan, irailaren 29an, estreinatuko da filma Espainiako zinema-aretoetan.
Donostia Saria emateko gala Cerrar los ojos filmaren emanaldiaren aurretik egingo da, eta gala horretarako sarrerak irailaren 4an jarriko dira salgai.
Espainiako aktore ospetsu bat, Julio Arenas, desagertu egingo da pelikula bat filmatzen ari dela. Haren gorpua inoiz aurkituko ez duten arren, poliziak ondorioztatuko du itsasertzean istripu bat izan duela. Hortik urte askotara, misterio hori egungo garaira itzuliko da, aktorearen irudia gogora ekartzeko jomuga duen telebista-saio baten ondorioz, eta haren parte-hartzea izan zuen azken eszenen −Miguel Garay zuzendariaren lagun minak filmatutakoen− irudiak eskainiko dira bertan.
Víctor Erice Karrantza Haranan (Bizkaia) jaio zen baina haurtzaroa eta gaztaroko lehen urteak Donostian eman zituen.
1961ean Madrilgo Zinematografia Eskola Ofizialean sartu zen, eta Zuzendaritzako espezialitatean diplomatu zen 1963an.
Los desafíos filmaren atal bat zuzenduz egin zuen debuta eta filmak Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 1969ko Donostia Zinemaldian.
1973an El espíritu de la colmena zuzendu zuen (filmaren idazleetako bat ere Erice bera izan zen, Ángel Fernández Santosekin batera), eta Donostia Zinemaldian film onenaren Urrezko Maskorra beretu zuen obra horri esker.
Bere bigarren film luzea, El Sur, 1983ko Cannesko Sail Ofizialean aurkeztu zen, eta Chicagoko Jaialdiaren urte horretako edizioan, halaber, Urrezko Hugo Saria jaso zuen.
1990ean, Antonio López margolariarekin batera, El sol del membrillo zuzendu zuen; 1992ko Cannesko Epaimahaiaren eta Nazioarteko Kritikaren saria jaso zuen filmak, eta 90eko hamarkadako film onentzat izendatu zuten mundu osoko filmotekek eta kultura- zentroek.
2002an Deslumbramiento filmatu zuen, Ten Minutes Older: The Trumpet film luzearen ataletako bat.
2005ean, Abbas Kiarostami zinemagilearekin batera, Erice-Kiarostami: Correspondencias erakusketa sortu zuen, eta Bartzelonan (CCCB), Madrilen (Casa Encendida), Parisen (Centre Pompidou) eta Melbournen (ACMI) egin zen erakusketa. Bertan, bi zuzendarien arteko ikus-entzunezko korrespondentzia jasotzen zen, La morte rouge film ertainaz gain, non Ericek zinemaren ikus-entzule gisa bizitako lehen esperientzia gogorarazten zigun (Donostiako Gran Kursaal Zinema/Antzokian izan zen lehen esperientzia hori).
Hurrengo urteetan bideoinstalazioetan egin zuen lan: Fragor del mundo, silencio de la pintura (Centre Pompidou), Antonio López margolariari buruzkoa; eta Piedra y Cielo (Bilboko Arte Ederren Museoa), Jorge Oteiza eskultorearen hilarriari buruzkoa (Aita Donostia musikariari eskainia Agiña mendian, Lesakan).
2012an, Manoel de Oliveira, Pedro Costa eta Aki Kaurismäki zinemagileekin batera, Centro histórico film luzearen parte izanik, Vidros partidos filma zuzendu zuen Portugalen.
Víctor Erizek aintzatespen publiko ugari jaso ditu, hala nola hauek: Espainiako Zinematografia Sari Nazionala 1993an; Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina 1995ean; eta Ohorezko Lehoinabarra, 2014ko Locarnoko Jaialdian bere ibilbide osoari eskainia.
Ericek asko egin izan du lan irakaskuntzan (ikastaroak, mintegiak eta tailerrak). 1960an Nuestro Cine aldizkariko Erredakzio Kontseiluan sartu zen, eta ordutik gaur arte, egunkarietan, aldizkarietan eta liburuetan maiz idatzi izan ditu artikuluak, mintzaldiak eta lezioak emateaz gain hainbat lekutan.
Cerrar los ojos, Ericeren laugarren film luzea, saio berezi batean emango da Victoria Eugenia Antzokian, Ericek duela bost hamarkada El espíritu de la colmena aurkeztu zuen antzoki berean.