Spanish Screenings On Tour ekimenak MIA, Mercato Internazionale Audiovisivo, aukeratu du bere bigarren edizioa ospatzeko, Erroman, urriaren 9tik 13ra. Deialdia uztailaren 25era arte dago irekia.
MIA–Mercato Internazionale Audiovisivo azoka Erroman (Italia) egingo da, 2023ko urriaren 9tik 13ra, eta 2023an bederatzigarren edizioa izango du. ANICA (Associazione Nazionale Industrie Cinematografiche Audiovisive e Digitali) eta APA (Associazione Produttori Audiovisivi) erakundeek antolatzen dute, Italiako Kanpo Arazoetako eta Nazioarteko Lankidetzako Ministerioaren eta ITA-Italian Trade Agency agentziaren laguntzarekin, eta Creative Europe – MEDIA erakundearen lankidetzarekin. MIAk Kultura Ministerioaren, Enpresa eta Made in Italy Ministerioaren eta Lazio Eskualdearen laguntza ere badu. MIA bereziki animazioan (Doc & Factual) eta Europako eta nazioarteko fikziozko ekoizpenetan oinarritzen da. Hainbat jarduera proposatzen ditu, hala nola, Koprodukzio Merkatua eta Pitching Forum-ak, amaitutako edukien hautaketa, Works in Progress, Market Screenings, networking jarduerak eta ikus-entzunezko industrian gaurkotasunekoak diren gaiei buruzko hitzaldi-programa zabala. MIAk nazioarteko profesionalen interesa piztu du: zuzendariek, banatzaileek, telebistek eta plataformek MIAn eztabaidatzen dituzte ikus-entzunezkoen ekoizpenak eta banaketak edukien industriaren egungo testuinguruan dituzten aukerak eta erronkak.
Spanish Screenings on Tour «Spanish Screenings XXL. Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko merkatu bat» ekimenaren lan-ildoa da; ekimen horrek ikus-entzunezkoen industriarako eta haren nazioartekotzerako negozio-aukera berriak indartu eta irekitzeko jomuga du, eta lurralde estrategikoetan salmenta eta promozioa sustatzeko ekintza ibiltariak egiten ditu. Ekimena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago. Plan horrek helburu du Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzea, eta Kultura eta Kirol Ministerioak sustatzen du ICAA institutuaren eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez, ICEX España Exportación e Inversiones, Málagako zinema-jaialdia eta Donostia Zinemaldia direla medio. Planaren zeharkako ardatzak berdintasuna, aniztasuna, gardentasuna eta jasangarritasuna dira.
Spanish Screenings On Tour 2023 ekimenak Espainiako ekoizpenak aurkeztuko ditu MIA Marketen, hainbat faseren medioz: Spanish Screenings Showcase, garapen-bidean dauden proiektuetarako; WIP, postprodukzioan daudenetarako, Market Premieres, amaitutako pelikuletarako; eta Next from Spain - Comin'UP, trailer edo teaserretarako. Azkenik, remakeetarako eskubideak merkaturatzeko ahalmena duten filmek beren lekua izango dute Remake Dayn.
Spanish Screenings On Tour ekimenerako deialdiak uztailaren 11tik 25era egongo dira zabalik. Spanish Screenings On Tourreko antolamendu-batzordeko kideak arduratuko dira proiektuak eta filmak hautatzeaz. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko funtsen aniztasunari laguntzeko politikaren ildotik, azken hautaketarako kontuan hartuko da hautatutako proiektuek eta filmek Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenak biltzen dituen gaien, formatuen eta generoaren aniztasuna islatzea.
MIA MARKET 2023 azokan Spanish Screenings On Tourren edukiak hautatzeko deialdiak Málagako zinema-jaialdiaren eta ICEX España Exportación e Inversiones agentziaren medioz antolatzen dira:
MIA MARKETen egingo diren jarduerak bost modalitatetan taldekatuko dira:
Halaber, Spanish Screenings On Tourrek industry club bat jarriko du Espainiako industriaren eskura, lan-bilerak egiteko, networking-jarduerak bultzatzeko eta industry talk delakoak egiteko gune esklusiboa, hain justu. Bertan, ekitaldian parte hartzen duten profesionalek beren esperientziak eta sektorearen ikuspegia partekatzeko aukera izango dute.
Spanishscreenings.online plataforman ere onlineko gune bat egongo da, Spanish Screenings On Tourren hautatutako filmei, telesailei eta proiektuei ikusgarritasun handiagoa emate aldera.
Spanish Screenings On Tour 2022 Ventana Sur azokan (Argentina, 2022ko azaroaren 28tik abenduaren 2ra) egin zen. Latinoamerikako ikus-entzunezko edukien merkatu garrantzitsuena da Ventana Sur, INCAAk eta Marché du Film - Cannesko zinema-jaialdiak batera antolatzen dute, eta nahitaezko hitzordu bihurtu da sektorearen agendan. 30 herrialdetako 1.300 profesionalek baino gehiagok hartu zuten parte ekimen horretako jardueretan, eta, horri esker, Espainiako ordezkaritza osatu zuten 100 pertsonak baino gehiagok beren kontaktu-sarea zabaldu zuten, negozio-aukera berriak sortzeaz gain.
Informazio gehiago nahi izanez gero: screenings@malagaprocultura.com
Spanish Screenings XXL osatzen duten lau ardatzetako bat da Spanish Screenings On Tour, ekimen hauekin batera: Spanish Screenings Content (Málagako zinema jaialdia), Spanish Screenings: Financing & Tech (Donostia Zinemaldia) eta Spanish Screenings 360, urte osoan ekintza aktiboak dituen programa, eta, gainera, PLATFO sustapenerako eta negoziorako plataforma birtualaren sorkuntza barne hartzen duena.
Labur esanda, Espainiako ekoizpeneko edukien ikus-entzunezko merkatu bat sortzea da ekimenaren xedea, Espainiako ikus-entzunezko industriaren balio-katea indartzen lagunduko duen elkarreragin- eta negozio-testuinguru batean proiektu berriak trukatu eta sortzeko.
Spanish Screenings XXL Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Europako Funtsek bultzatutako programa bat da. Plan horrek Espainiak Europako ikus-entzunezkoen HUB gisa duen rola indartzea du helburu eta Kultura eta Kirol Ministerioak -ICAAren bitartez-, Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak -ICEX Espainia Esportazioa eta Inbertsioak entitatearen bitartez-, Málagako zinema jaialdiak eta Donostia Zinemaldiak sustatzen dute.
Espainiako ikus-entzunezkoak nazioartekotzeko programa honek bultzada berri bat jaso du 2022 eta 2023 urtetarako, ikus-entzunezko industriaren erronka berrietara egokitzeko askotariko eduki gehiagorekin eta jarduera-bolumen handiagoarekin.