Donostia Zinemaldiak Hiroshi Teshigahara (1927-2001) zuzendariari eskainiko dio zinema klasikoko atzerabegirakoa, Euskadiko Filmategiarekin batera antolatua, Japan Foundation-en eta Etxepare Euskal Instituaren laguntzarekin (Euskadi-Japan 2023 programaren baitan). Hiroshi Teshigahara 1960ko hamarkadako zinema japoniarraren ezinbesteko egile bat da, poetika esperimentaleko film sorta bati eta Kobo Abe idazlearekin egin zuen elkarlan luzeari esker. Espainian banatu zen bere film bakarrak oso ondo laburbiltzen du garai hura eta Teshigahararen estiloa: Suna no onna / Woman in the Dunes (1964).
Teshigahara Tokion jaio eta hil zen. Lehenengo, Arte Ederrak ikasi zituen eta 1950eko hamarkadaren erdialdean, film labur dokumentalaren eremuan debutatu zuen. Erresistentzia-mugimenduek Bigarren Mundu Gerran erakutsi zituzten mendebaldeko joera zinematografiko guztiak interesatzen zitzaizkion, garbiki neorrealismo italiarra eta garaiko zinema frantsesa, eta Cinema 57 izeneko klub moduko batekoa izan zen. Horretan, askotan zinema-areto komertzialetan ikusten ez ziren dokumentalak ematen zituzten eta horiei buruz eztabaidatzen zuten. Zinema dokumentalarekiko interes argiak eragin handia izan zuen fikziozko film luzeak egitera igaro zenean.
Bere lehen film laburra, Hokusai, 1953koa da eta bere lehen film luzea, Otoshi-ana / The Trap, 1962koa. Bi data horien artean, jada eginak zituzten beren lehen filmak Nagisa Oshimak –Zinemaldiak 2013ko atzerabegirakoa eskaini zion hari–, Seijun Suzukik, Shohei Imamurak, Susumu Hanik, Yoshishige Yoshidak eta Masahiro Shinodak, dena ere uhin berri japoniarraren joera ezberdinen izen adierazgarriak. Teshigaharak rol tangentzialagoa jokatu zuen mugimendu horretan, eta nazioarteko oihartzun txikiagoa izan zuen, Cannesen Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi bazuen ere Suna no onna / Woman in the Dunes filmarekin eta zuzendari onenaren eta ingelesez besteko film onenaren Oscar sarietarako izendatu bazuten ere film horrengatik berarengatik. Dena dela, batera edo bestera, gai eta filmatzeko modu berrien bitartez zinema japoniarra irauli zuen agitazio kontzeptual horren erdigunean egon zen.
Kobo Aberekin elkarlan oparoa egin zuen; hark idatzi zuen, bada, Otoshi-ana / The Trap filmaren gidoia eta Suna no onna, Tanin no kao kao / The Face of Another (1966) eta Moetsukita chizu / The Man Without a Map (1968) filmek oinarri dituzten hiru eleberrien egokitzapenak. Azken hiru horiek zinemagilearen ezinbestek obrak dira. Aberena da, halaber, Ako filmaren gidoia, La fleur de l’âge / Les adolescents (1964) film kolektiboaren kapitulua, Teshigaharak, Jean Rouchek, Michel Braultek eta Gian Vittorio Baldik nerabezaroari buruz egindako lau kontakizun.
Bere azken lanak, Rikyu (1989) eta Go-hime / The Princess Goh (1992), film historikoak izan ziren. Telebistarako ere filmatu zuen eta ez zion inoiz lan dokumentalak egiteari utzi; film labur, ertain eta luzearen formatuak landu zituen. Bi film eskaini zizkion José Torres puertorricar boxeolariari, bat Jean Tinguely eskultore eta margolariari eta bat 1958ko Tokiori. Baina bere dokumental ezagunena Antonio Gaudí (1984) da, kataluniar arkitekto modernistaren irudia eta obra bikain erakusten dituena.
Teshigahara zinemagilea izan zen, baina baita lore apainketaren arte japoniarreko (ikebana) maisua ere. 1980tik hil zen arte, Ikebana Sogetsu eskola zuzendu zuen, haren aitak sortu zuena, eta The Art of Ikebana (1997) liburua argitaratu zuen. Toshiko Kobayashi aktorearekin ezkonduta egon zen eta hura film bakar batean zuzendu zuen: Sama soruja / Summer Soldiers.
Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan –irailaren 22tik 30era egingo da–, guztiz ezagutzen ez dugun zuzendari horren filmografia osoa emango da. Bere filmetako bik Zinemaldiaren aurreko edizioetan parte hartu zuten; hain zuzen ere, Suna no onna filmak 1985eko edizioko “Errautsak eta diamanteak” zikloan parte hartu zuten, eta Moetsukita chizu filmak 2008ko edizioko “Japonia beltzean” atzerabegirakoaren barruan parte hartu zuen. Zikloa osatzeko, Inuhiko Yomotaren Crónicas de vanguardia. Conversaciones con Hiroshi Teshigahara liburua argitaratuko da. Daniel Aguilarrek itzuli du japonieratik gaztelaniara.
Beste aldetik, Donostia Zinemaldiak poliziescoari eskainiko dio 2024ko atzerabegirakoa. Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra izenburuarekin, herrialdearen erretratu egoki bat egiteko balio izan zuen eta oraindik ere ikuspegi garaikide batetik berrikusteko dagoen genero baten zenbait film emango dira 72. edizioan.
Faxismoaren eta gerraosteko urteetan biziraun ondoren, polizia-zinema italiarra Pietro Germiren Un maledetto imbroglio / The Facts of Murder (1959) filmean gauzatu zen kanonikoki. Frantziako noir generoa imitatu ez zuen lehena izan zen, eredu propio bat finkatu zuen eta generoarentzako benetako urrezko aroa ireki zuen. Haren bilakaera, ordutik aurrera, herrialdeko politikarena eta gizartearena izan zen: boom ekonomikoaren Italiak hiri-espazioetara eraman zuen eta delinkuentzia eta krimen antolatuen lehen ahaleginak islatu zituen, eta 68ko maiatza pizteak –bereziki bortitza izan zen Italian– deriba politikoetara eraman zuen, Francesco Rosi, Damiano Damiani eta beste errealizadore batzuei esker.
Indagine su un cittadino al di sopra di ogni sospetto / Investigation of a Citizen Above Suspicion (Elio Petri, 1970) filmak lortu zituen Urrezko Palmak eta atzerriko film onenaren Oscar sariak generoaren amaiera markatu zuten, baina ez zen zaharkituta geratu; aitzitik, mutazio berrietara ireki zen: polizia-zinema ortodoxoak besteak beste Fernando Di Leo errealizadoreari esker jarraitu zuen, eta mafia movies direlakoek ordura arte inoiz urratu ez zituen bideetatik eraman zuten. Eta Donostia Zinemaldian Zilarrezko Maskorra irabazi ondoren, La polizia ringrazia / Execution Squad (Steno, 1972) filmak poliziottescoaren mauka ireki zuen, terrorismoa, indarkeriaren belaunaldi estatubatuarrak finkatutako parametroen arabera, agertzeak eragin zuen nahasmenaren isla.