"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Proyectak –Ventana Sur eta Marché du Film merkatuek eta Donostia Zinemaldiak elkarlanean abiarazitako ekimenak– gaur ireki du deialdia; garapen-fasean eta koprodukzio bila dauden Europako eta Latinoamerikako ikus-entzunezko proiektuak jasotzen ditu Proyectak, eta zuzendari baten lehen edo bigarren lanak izan beharko dira ezinbestean.
Deialdian Latinoamerikako eta Europako fikziozko eta ez-fikziozko proiektuak aurkeztu daitezke, baldin eta Latinoamerikarekin berariazko lotura, 60 minututik gorako iraupena eta %20ko finantzaketa ziurtatua badute.
Gehienez 15 proiektu hautatuko dira, ekoizleek pitching-saio batean aurkeztuko dituzte proiektu horiek, eta horren ondoren, egiaztatutako industriarekin one-to-one hitzorduak egingo dira. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatutako Europako proiektuek ere ekitaldian parte hartzeko aukera izango dute.
Proyecta ekimena Ventana Sur merkatuaren parte da, hau da, Latinoamerikako ikus-entzunezkoen merkatu nagusiarena. Ventana Sur Argentinako Zinemaren eta Arteen Institutu Nazionalak (INCAA) eta Canneseko zinema-jaialdiko Marché du Film merkatuak antolatzen dute. Buenos Airesen egingo da 2023ko azaroaren 27tik abenduaren 1era.
Araudian sartzeko eta proiektu bat ekimenean inskribatzeko, esteka honetara jo behar da.
Izena emateko epea abuztuaren 1ean amaituko da.
HARREMANETARAKO: proyecta@ventana-sur.com
Industria Saila ondorengoen babesarekin