"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nest-ek, Donostia Zinemaldiaren Zinema ikasleen film laburren lehiaketa sailak, bihar (ekainak 1) irekiko du izena emateko epea. Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako saila hogeita bigarren ediziora iritsiko da eta mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztearen helburuari eutsiko dio. Hirurogei ikasle baino gehiago bilduko dira Donostian eta Nest-eko emanaldietan, hizketaldietan eta eskola magistraletan parte ahal izango dute.
Iazko edizioan hamahiru film labur lehiatu ziren Nest sailean. Guztira, munduko 44 herrialdetako 160 eskolak bidalitako 350 lan aurkeztu ziren.
Zinema-eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake. Zinemaldia egin aurreko 12 hilabeteetan eginak izan behar dira aurkeztutako filmak eta horietatik hamabost inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko. Epaimahai batek lan onenaren zuzendariari emango dio Nest Saria, 10.000 eurokoa.
Film laburren izena online eman ahal izango da, bihartik aurrera (ekainak 1, osteguna). Araudia eta Nest lehiaketari buruzko informazio gehiago eskuragarri daude Zinemaldiaren webgune ofizialean. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 3an amaituko da.
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: UZTAILA 3
Donostia Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako bat da Nest, talentu berriak sustatzeko estrategiari dagokionez. 2002an sortu zenetik, 1.000 ikasle inguru bildu ditu, industriako profesionalekin 90 eskola magistral eta hizketaldi hartu ditu (Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne, Bertrand Bonello, Ruth Beckermann…) eta 370 film labur hautatu ditu. Nest sailak, guztia hasten den lekuak, zinemagile askoren lanak erakutsi ditu, besteak beste, Jerónimo Quevedo, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Laura Wandel eta Grigory Kolomytsev zuzendarienak; ondoren, horietako askok Donostia Zinemaldian eta beste hainbat nazioarteko lehiaketetan estreinatu dituzte hurrengo lanak.