"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldia Next Lab Finance & Tech ekitaldian izango da. Iruñean egingo dute, hilaren 27tik 29ra, eta animazioaren eta bideojokoen industriako finantzazioa, inbertsioak eta tresna teknologiko berriak jorratuko dituzte, besteak beste. Marko horretan, Zinemaldiak Spanish Screenings: Financing & Tech jarduera aurkeztuko du, Spanish Screenings XXL azokaren parte dena.
Ekainaren 27tik 29ra bilduko dira Baluarte biltzar-jauregian, Next Lab Finance & Tech jardunaldietan askotariko sektoretako enpresak (teknologia, animazioa, bideojokoak, errealitate birtuala, inbertsioa eta proiektuen finantzazioa). Profesionalentzako diseinatuta dagoen ekitaldian, autonomietako, estatuko eta Europako instituzioek, inbertitzaileek, funtsek, animazioko eta errealitate birtualeko enpresek, adituek eta Espainiako eta atzerriko stakeholderek ere hartuko dute parte.
Donostia Zinemaldiak ere parte hartuko du, Next Lab Finance & Tech jardunaldietako kolaboratzaile gisa, animazioaren eta bideojokoen arloetara gerturatzeko duen interesagatik eta teknologiari eta ikus-entzunezko industriari buruzko hausnarketarako gune erreferente izateko bere estrategiagatik.
Datorren astean, Zinemaldiko Industria departamentuak Spanish Screenings: Financing & Tech jarduera aurkeztuko du Iruñean. Atzerriko inbertitzaileen eta Espainiako ekoizpen-etxeen arteko topaketa berria da, zinema-jaialdiaren 70. edizioan, irailean, antolatuko dena. Aurten, lehen aldiz, gainera, Zinemaldia Startup Challenge lehiaketa berezia erantsiko zaio, ikus-entzunezko sektoreari aplikatutako teknologia berritzailearen gaineko Espainiako ekintzaileei eta startupei zuzendutakoa.
Spanish Screenings: Financing & Tech ekimena Espainiako ikus-entzunezko ekoizpenerako Spanish Screenings XXL nazioarteko azokaren parte da. Proiektu hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren –SEEParen– barruan dago. Planak helburu du Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzea, eta Kultura eta Kirol Ministerioak sustatzen du ICAA institutuaren eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez, ICEX dela medio.
Informazio gehiago:nxlb.org/finance-tech / info@nxlb.org