"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Behin amaituta dagoela, ematen du betidanik egon dela hor, ezin duela beste era batekoa izan. Uhinek eta argi izpiek heldulekurik ez daukaten arren, ia-ia eskuen artean har ditzazkezula dirudi. Gorputz bat taupadaka, bere zain eta nerbio sistemarekin, sentikor, nork besarkatuko zain. Bukatutako pelikula bat objektu beregaina da… ia-ia.
Hasiera eta amaiera duen film horren atzean, ordea, erabakiak daude. Zerrendatzeko gehiegi, hartu dituenak ere ezin ditu denak gogoratu. Hori bai, erabaki bakoitzaren pisua sorbalden gainean igarriko du, berriro ikusten duen aldiro. Kontzienteki hartuak izan, ala intuizioari jarraiki finkatu badira ere, ikus-entzunezkoan gorpuztu den hautu orok erantzule bat du atzean. Bat, gutxienez.
Galdetu nahiko nieke, datorren larunbata bitartean, Donostian kabituko diren pelikula guztien erantzuleei (soinu teknikaritik hasi eta zuzendariarengana heldu arte) ea zer sentitzen duten noizbait beraien eskuetan izan dituzten filmak askatzen dituzten unean. Niri gaur tokatu zait, azken hamaika hilabeteetan inor gutxik ikusi eta entzun duen pieza lehenengoz elkarbanatzea. Eta uste dut gaur arte ez dudala guztiz ulertu, film hau eraiki bitartean alboan izan dudan Maider Oleaga zuzendari eta bidaideak maiz esan izan didana: “Laburmetrai hau beraiena da jada, ikusiko duen pertsona bakoitzarena.” Banekien elkarbanatzeak hori zekarrela berarekin. Gozoa da irudikatzea ikusiko duen pertsona bakoitzean pelikulak jabe berri bat aurkituko duela. Baina estreinaldiaren eguna heldu eta kolpetik konturatu naiz esaldiak baduela esan gabe geratzen den egia garratz bat: “Filmak nirea izateari utzi dio”, ahopeka aitortu diot nire buruari eta sorbaldetako pisua arindu zait. Hutsune batek hartu du bere lekua eta han ikusi dut, bere bidea egiten, atzeko gurpilak kenduta bizikletan ibiltzen ikasi berri duen alaba bailitzan.
MIKELE LANDA EIGUREN