"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Andrés Di Tella argentinarrak (Buenos Aires) Montoneros, una historia (1995), Macedonio Fernández (1995), Prohibido (1997), La televisión y yo (2003), Fotografías (2007), El país del diablo (2008), Hachazos (2011), ¡Volveremos a las montañas! (2012), 327 cuadernos (2015) eta Ficción privada (2019) film luze dokumentalak zuzendu ditu (azken biak Zabaltegi-Tabakaleran estreinatuak). Reconstruyen crimen de la modelo (1990) film laburrak sari ugari jaso zituen eta hainbat museoren bildumakoa da. Instalazioak, bideoarte-piezak eta performanceak ere egin ditu. Era berean, BAFICI Buenos Airesko zinema independentearen jaialdiaren sortzailea eta lehen zuzendaria izan zen. 2016an Zinemaldiko Horizontes Sariaren Epaimahaiko kide izan zen.