"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Selva Almada Entre Ríos probintzian (Argentina) jaio zen 1973an. Idazlea da, No es un río (2020), Ladrilleros (2013) eta El viento que arrasa (2012) nobelen egilea, besteak beste. 2017an El mono en el remolino. Notas del rodaje de Zama de Lucrecia Martel argitaratu zuen, eta ingelesera, alemanera eta turkierara itzuli da bere lan hori. Gainerako obrak frantsesera, nederlanderera, portugesera, italierara, suedierara, indonesierara eta norvegierara ere itzuli dira.
Jesús López (2021) filmaren gidoigilea da, Maximiliano Schonfeld zuzendariarekin batera. Pelikulak mundu-estreinaldia izan zuen Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean, eta film onenaren Abrazo saria irabazi zuen Biarritzeko zinema-jaialdian (2021), Latinoamerikako film onenaren saria Mar del Platako jaialdian eta film onenaren saria eta ikusleen saria Entre Ríoseko zinema-jaialdian (2021). Alejandro Millán Pastori zuzendariaren Lai (2017) dokumentalean ere parte hartu zuen.