"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Txema Muñoz (Zeanuri, Bizkaia) Psikologian lizentziatu zen EHUn (1984). 1989an hasi zen izaten lanbide-harremana ikus-entzunezkoekin, gaur egun Donostia Kultura deritzon erakunderako lanean hasi eta Nosferatu zikloaren programazio-taldean sartu zenean. Urte horietan, argitalpenen arduraduna izan zen, eta programazio- eta ekoizpen-lanetan ere hartu zuen parte. Zineman espezializatutako argitalpen kolektiboetan agertutako zenbait artikuluren egilea ere bada.
2002ko otsailean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eta, ondoren, Etxepare Institutuaren mendeko euskal film laburrak zabaltzeko eta banatzeko Kimuak programaren ardura hartu zuen, eta jardun horretan jarraitu zuen 2021eko azarora arte, Euskadiko Filmategiko programazio-arduradunaren lanpostua hartu baitzuen orduan.
Espainia, Frantzia, Italia, Txile, Kolonbia eta Marokoko jaialdi askotan epaimahaikide izan da. Halaber, Kanarietako, Andaluziako, Kataluniako, Madrilgo, Valentziako, Asturiasko eta Kantabriako film laburren katalogoen hainbat ediziotako hautaketa-batzordeetan parte hartu izan du. Horrez gainera, film laburren proiektuak baloratzeko prozesuetan parte hartu du ICAAren (film laburrak eta luzeak), Andaluziako Juntaren (film laburrak) eta Canarias Cultura en Red erakundearen (film laburrak) laguntza selektiboetarako.