"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lemohang Jeremiah Mosese (Hlotse, Lesotho) zinemagile eta artista bisuala da. Mother, I am Suffocating. This is My Last Film About You bere film luzea/entsegu bisuala hautatua izan zen Final Cut in Venice workshoperako, eta sei sari eskuratu zituen han. 2019an estreinatu zuten lan hori Berlinaleko Forum atalean, eta gaur egun ematen jarraitzen dute hainbat zinema-jaialditan eta museotan (MoMA, Bruselako BOZAR, etab.). This Is Not A Burial, It's A Resurrection bere bigarren film luze narratiboari esker, Biennale College Cinema programan hautatutako hiru zinemagileetako bat izan zen Mosese. Lan horrek 30 saritik gora eskuratu zituen, esaterako, Epaimahaiaren Saria 2020ko Sundance zinema-jaialdian bere zinema irudikorragatik. Bere azken lanak bideo-instalazioak izan dira, zehazki, NEW GOD, Humboldt Forum museorako; eta Bodies of Negroes: Sculpting God, Eye Filmmuseum eta Tabakalera zentroek Donostia Zinemaldiaren lankidetzarekin ekoitzitako “Vive le cinéma” erakusketan barne hartua (Dea Kulumbegashvili, Isaki Lacuesta eta Jia Zhang-ke zinemagileek ere hartzen dute parte bertan). Mosese Berlin, Rotterdam eta Locarnoko zinema-jaialdietan izan da epaimahaikide. Halaber, irakasle gonbidatua ere izan da Cambridgeko Unibertsitatean edo Herbehereetako Zinema Akademian.