"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Okerrik ezean, bi aste eta bi gau besterik ez dira gelditzen Balenciagari buruz filmatzen ari diren telesailaren grabaketa amaitzeko. Izan ere, ekaina hasieratik daramate Donostiako kaleetan grabatzen. Aurrez, grabaketak burutu zituzten Parisen eta Bordelen. Getarian ere grabatu zuten egun batez, jostunaren jaioterrian. Sei atalen edizio lana iritsiko da gero. Atal bakoitzak 50 minutuko iraupena izango du eta estreinaldia 2023rako espero da.
Moriartikoek urtebetez garatu zuten gidoia, Lourdes Iglesiasekin batera, eta dagoeneko 16 aste daramate filmatzen. Filmazioa hamabost egunetan amaitzea aurreikusten da. “Arregik, Garañok eta Goenagak asko inposatzen dute”, ziurtatu du Iglesiasek, eta ondoren gaineratu du Balenciagari buruzko “mito asko” argitu behar izan dituen idazketa prozesua “zirraragarria eta oso aberasgarria” izan dela; hala ere, jostunaren izaera erreserbatuak idazleak egoera jakin batzuen inguruan “fabulatzera” bultzatu ditu. “Asko dibertitu eta sufritu dugu”, ziurtatu du gidoilariak.
“Zorroztasunez eta errespetuz jokatzen saiatu gara pertsonaiarekin”, azaldu du Goenagak. Izan ere, zinemagile hirukoteak “askatasun osoa” izan du plataformaren aldetik “biopic-etik harago” joateko eta, pertsonaiaren erretratu psikologikoa egiteko, aldi berean ikuslea identifikatuta sentitzeko moduko istorio unibertsal bat garatzea bilatu dutelarik. Zehazki, jostunaren “egiletzari” eta “kontrolari” buruzko istorio bat idazten saiatu dira. “Balenciaga hiperkontrolatzailea zen eta kontrol faltaren aurrean frustratu egiten zen”, azaldu du Garañok.
Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz filmatua, eta Getariako jostunaren eta, batez ere, haren frantziar garaiari erreparatuko dio serieak, 1937an Parisen bere lehen tailerra ireki ondoren. “Ez euskara, ez frantsesa, eta modari buruz deus ere ez dakien norbait aukeratu dute Balenciaga interpretatzeko”, esan du Balenciagarena egingo duen Antonio San Juan aktoreak, txantxaren eta seriotasunaren erdibidean.
“Cristobal Balenciaga mugak zeharkatu zituen ikono lokala da. Talentuaren eta teknikaren ikur bat. Eta hau da gure konpromisoa: mundu osoko ikusleekin mintzatzeko ahalmena duten istorio berdingabeak ekoiztea, gure sortzaile eta ekoizle onenen zigiluarekin”, esan du Sofía Fábregas Disney+-ek Espainian duen jatorriko ekoizpenen saileko presidenteordeak.
Azkenik eta primizia modura, musika- bandaren konpositorea Alberto Iglesias donostiarra izango dela iragarri dute.
SERGIO BASURKO