"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
2019ko urria, Great Yarmouth (Norfolk, Erresuma Batua). Hiru hilabete geratzen dira Brexiterako. Ehunka etorkin iristen dira Portugaldik hirira indioilar-haragiaren prozesamendurako lantegietan jardutera. Tânia da
pertsonarik aproposena migratzaile portugaldar horiei lan bat eskuratzen laguntzeko, eta badaki non sartzen dituen langileak: duintasunaren galbidean jarriko dituen fabrikan, lan baldintza ezin kaskarragoen lantegi eta ostatuetan.
Erresuma Batuan bizi diren migrante portugaldarren inguruko filma da, eta hori lantzeko Great Yarmouth hirian bizi diren portugaldarrengana gerturatu zen zuzendaria. 10.000 portugaldar inguru bizi dira hiri horretan, politika neoliberalak medio Europan metatu diren krisiengandik ihesi joandakoak. Ingelesek hartzen ez dituzten lanetan ari dira, esaterako, indioilarren hiltegian. Goiz esnatu eta berandu etxeratzen dira, hirian bizitzarik egin gabe, mamuen gisara. Amesgaizto bat bizi dute eta amesgaiztoa da pelikula bera.
Hala, Marco Martinsek ezagutu zituen egunean 16 ordu lan egiten zuten pertsonak, edo inolako babesik gabe produktu toxikoekin lan egiten duten garbitzaileak. Ezagutu zituen langileetako asko eta Great Yarmouth-eko biztanle batzuk, gainera, pelikulako aktore bilakatu ziren, kontakizuna errealitatera hurbilduz. Eta aktore guztiek indioilar haragia prozesatzeko fabrika bat ezagutu zuten aldi batez, inguru horietan usaindu eta sentitu daitekeen garraztasuna lehen pertsonan bizitzeko.
Azpimarratu, filmaren argazkilaritza zoragarria dela bere zikintasunean eta Beatriz Batarda aktore protagonistaren antzezpena txapela burutik kentzeko modukoa.
Sergio Basurko