"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Sariaz gain, txalo zaparrada ahaztezina jaso zuen atzo David Cronenberg zuzendariak, Victoria Eugenia antzokian. Lagunez eta zaletuz ondo babestuta agertu zen oholtza gainera, izan ere, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak, Gaspar Noé zinema zuzendariak eta Robert Lantos ekoizleak miresmen hitzak eskaini zizkioten omenaldian. Gainera, zuzendari kanadiarraren film askotan agertzen den Viggo Mortensen aktoreak bidalitako bideo hunkigarrian euskaraz mintzatu zitzaion: “Zorionak, lagun maitea. Maite zaitut!”.
“Bizitza osoko lanari aitortza egiten dion sari bat jasoko nuen egunean, horixe izango zela gelditzeko eguna uste nuen, baina kontrakoa da: sari honek beste film bat egiteko bultzada eman dit”, aitortu zuen Cronenbergek. “Betidanik pentsatu izan dut artea krimen bat dela, arauaren iraultza delako, eta giza-naturaren alderik zailenak, bortitzenak eta ezegonkorrenak islatzean lagundu egiten digula gizarte zibilizatu bat mantentzeko; horregatik, gora zinema kriminala!”