"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gorputza berriro sentitzen hasi, jesarrita zaudela konturatu eta sengundo batzuk behar izan dituzu oinak lurrean jarri eta hankak berriro tentetzeko. Begiek ere beharko dute tarte bat piztu berri diren argiei neurria hartzeko. Ez zaude bakarrik, eta une labur batez jendetzak inguratzen zaituela ohartzeak arnasa pausarazi dizu. Errepidean barrena minutu luzez gidatzen egon ostean, eskuak bolantean dituzula gogorarazten dizun unean bezala. Eskerrak ez zaren apurka-apurka bere onera itzultzen ari den bakarra. Besaulki-ilaren arteko tartea estuegia izateak bere alde onak ere badituela pentsatu duzu orduan, aldamenekoak ateratzen diren bitartean itxarotera behartzen zaituelako espaziorik ezak, eta ikusiko duzun hurrengo filma hasteko denbora gutxi falta den arren, gorputzak azkarregi ez ibiltzea eskatzen dizulako.
Erlojuari begiratu eta komunera sartu zara ura edatera. Txorrota zabaldu eta burua makurtzearekin batera entzun duzu: “Zer? Zer iruditu zaizu?”, “Berezia, gustatu zait, baina ez dakit ondo ulertu dudan”. Ura edanda, atera zara kalera eta orain bai pausoa bizkortu duzu, Tabakaleratik Truebara hamar minutu baino ez badaude ere, berandu zabiltza jada. Mandasko Dukearen pasealekuan barrena aurrera zoaz eta buruan bueltaka darabilzu oraindik komunean entzun berri duzunaren oihartzuna. Elkarrizketa berbera askotan entzun duzun arren, gaur erantzuna erabat arrotza egin zaizu. Barrunbeetara sartu zaizkizu azken bi ordu luzeak. Inoiz ezagutuko ez duzun lekuan egon zara. Sekula ezagutuko ez dituzun pertsonak aurrez aurre izan dituzu. Enkoadraketa batetik bestera, bereizi ezin diren soinuei segika… Filmari eskatuko zeniokeen azken gauza, arrazoimenari soilik men eginez, ulertzeko egina izatea da. Joan den asteburuan, izerdi-patsetan, gozatu zenuen kontzertuari eskatu ez zenion moduan. Zinema esperientzia fisikoa da.
MIKELE LANDA EIGUREN