"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiaren inaugurazio-galaren ardatza lehiaketaren urteurrena izan da; izan ere, duela zazpi hamarkadatik lehiaketa babestu duten ikus-entzuleak omentzeko balio izan baitu.
“Komedia arinean” egin da zeremonia, eta Loreto Mauleón eta Paco León aurkezleak NODOko pertsonaia bihurtu dituen bideo-muntaketa batean agertu dira; horren ondoren, 1953an (Zinemaldiaren lehen edizioan) Goizaldi taldeko dantzari gisa parte hartu zuten lau emakume gonbidatu dituzte agertokira: Milagros Zatarain, Mariví Montes, María Arbizu Corpus eta Mila de Salustiano.
Ondoren, Edurne Ormazabal kazetariak, “Imaginatu Zinemaldia” erakusketa bisitatzeko proposamena egin die ikus-entzuleei. Belén Cuesta antzezleak, bestalde, FIPRESCI Sari Nagusia aurkeztu du Ryūsuke Hamaguchiren Drive My Car filmarentzat, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek aurtengo film onentzat jo baitute japoniarraren lana.
Zuzeneko musika Mikel Erentxun musikari donostiarraren eta Rocío Márquez flamenko-kantari andaluziarraren esku egon da. Eta musikak emozioari egin dio tarte, Zinemaldiaren antolakuntzan parte hartu zuten baina duela gutxi hil diren lau pertsonari eskaini baitzaie in memoriam atala: Alfredo Knuchel, Mariano Larrandia, Tony Partearroyo eta José Ángel Herrero-Velarderi.
Halaber, Zinemaldiak ongietorria eman die Epaimahai Ofizialeko kideei: Antoinette Boulat, Tea Lindeburg, Rosa Montero, Lemohang Jeremiah Mosese, Hlynur Pálmason eta Matias Mosterín, epaimahaiburu ofiziala aurtengo edizioan. Argentinarrak nabarmendu duenez, “zinema ahotsen multzo hori da, mundua ikusteko hainbat eta hainbat modu: zuri-beltzean, koloretan, mutu edo zalapartan”.
Sail Ofiziala lehiaz kanpo inauguratu duen Modelo 77 filmaren aurkezpenaren ondoren, Alberto Rodríguez –filmaren zuzendaria– eta Miguel Herrán eta Javier Gutiérrez –filmeko aktore nagusiak– bertan zirela, ‘Zorionak zuri’ euskaraz abesteko eta pantailan agertu diren eta 70 zenbakia osatzen zuten bi kandela erraldoiri putz egiteko proposamena egin diete ikus-entzuleei galaren aurkezleek.